Lezeko aparkalekuan bizikletarako atsedengune bat egokituko du Arabako Foru Aldundiak. Aparkaleku berrituak bizikleta elektrikoentzako karga estazio bat, bizikleta aparkalekuak, interpretazio panelak eta bizikletetan mantentze lanak egiteko zutabe bat izango ditu.
Halaber, ibilgailuentzako aparkalekuak antolatu eta mugatuko dira, "bisitariak inguruko natura eta kultura balioetara modu ordenatuan, seguruan eta naturagunearen kontserbazioa bermatzeko moduan hurbil daitezen". Aparkalekuaren plazak ez dituzte zehaztu baina plazetako hiru mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatuko dira, eta bost autokarabanatarako lekua ere izango da.
Gobernu kontseiluak Guinaldura SL enpresari esleitu dizkio Lezeko aparkalekua egokitzeko obrak, eta lanak gauzatzeko hiru hilabeteko epea dago eta 254.091,84 euroko aurrekontua.
Aldundiak gogoratu duenez, mugikortasun jasangarrirako leku estrategikoa da ingurua; izan ere, tokiko zein nazioarteko bizikleta ibilbide ugarik bat egiten dute bertan: Arabako Lautadako ibilbide zikloturista handia, Eurovelo ekimena, Donejakue Bidea, GR-25, Agurain eta Irurtzun arteko etorkizuneko bide berdea eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko bidezidorren sarea.
Garaioko aparkalekua
Bestalde, Garaioko parkearen sarbideen kontrola kudeatzeko sistema digital bat abian jarriko du aldundiak. Sistema berriarekin, Garaioko parkerako sarbideen eraginkortasuna automatizatu, optimizatu eta hobetu nahi da, batez ere udan, orduantxe biltzen baita erabiltzaile gehien.
Sistema horren bidez, okupazioak denbora errealean kontrolatu ahal izango dira, eta ibilgailuen sarrera eta irteera arindu. Gainera, aplikazio informatiko baten bidez plazak erreserbatu ahalko dira. Horretarako, zenbait ekipoz hornituko da Garaioko parkea eta mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako aparkalekuetarako sarbidea kontrolatuko da. Halaber, bizikletak aparkatzeko eta haiek elektrikoki kargatzeko moduluak egingo dira.