Maddi Agirrek irabazi du bertsolari txapelketako lehen finalaurrekoa

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 9a

Agirre, larunbateko saioan, Dulantzin. Argazkia: Bertsozale elkartea

Dulantziko saioan finalerako sarrera zuzena eskuratu du Agirrek. Azken finalaurrekoa datorren larunbatean jokatuko da, Aramaion.

Maddi Agirrek irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa, eta zuzenean eskuratu du martxoaren 28ko finalerako lehen txartela. Dulantziko Kultur Etxean jokatu da finalaurrekoa, joan den larunbat honetan. Sei bertsolari aritu dira oholtza gainean, eta bakoitzak hamalau bertso puntuagarri kantatu ditu; bakarkako lana ganbarakoa izan da. Ariketa guztiak amaituta, Maddi Agirre izan da puntu gehien bildu duena, 380,5 ; atzetik sailkatu dira Iñaki Viñaspre (364,5), Unai Anda (362,5), Aroa Arrizubieta (348,5), Asier Otamendi (341) eta Ekaitz Samaniego (327). Saioa Olatz Santocildesek aurkeztu du.

Bigarren finalaurrekoa Aramaion jokatuko da datorren larunbatean, martxoaren 14an, 17:30ean, herriko Kultur Etxean. Seikote aramaioarra lehiatuko da han: Andere Arriolabengoa, Danel Herrarte, Martin Abarrategi, Peru Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Xabi Igoa. Bi finalaurrekoetako puntuazioen arabera osatuko da finala, eta sei bertsolari onenak izango dira martxoaren 28an Gasteizko Europa jauregian jokatuko den finalean. Han erabakiko da 2026ko Arabako txapelduna.

Aurtengoa txapelketaren XVII. edizioa da, eta hemezortzi bertsolarirekin abiatu zen. Lehen faseko hiru saioak Oionen, Laudion eta Izarran jokatu dira, eta guztira hamabi bertsolari sailkatu dira finalaurrekoetara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago