Ozetan zebrabide eske dabiltza bizilagunak

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 4a

Ezezagun batzuek margotutako zebrabidea ezabatu du administrazioak. Argazkia: Utzita

Herri erdiko pasabide arriskutsu batean zebrabide bat agertu zen margotua, baina ezabatu egin dute, administrazioaren aginduz. Urteak daramatzate zeharbide segurua eskatzen herrian.

Ozeta herrian aurreko astean zebrabide margotu bat agertu zen, eta astebete beranduago ezabatu egin dute, errepidearen arduradunen aginduz. Bizilagun batek azaldu duenez, ekimenak herriko segurtasun arazo larri bati erantzun dio: oso arriskutsua da herria erdibitzen duen errepidea zeharkatzea, eta urteak daramatzate administrazioei esku hartzeko eskatzen; erantzunik jaso gabe, salatu dutenez.

Errepide nagusi batek bitan banatzen du Ozeta, eta, nahiz eta igarobide batzuk badauden, bizilagunek diote ibilgailuak abiadura handiegian igarotzen direla eta ikusgarritasun oso txarra duela zonaldeak. Egoera are larriagoa da kontuan hartuta herriko zerbitzu nagusiak alde banatan daudela. Alde batean daude udaletxea, medikua, ekonomatoa eta eliza, esaterako, eta bestean eskola eta herriko taberna. Ondorioz, "ugariak dira errepidea modu arriskutsuan pasa beharreko uneak".

Horrek egunerokoan hainbat arrisku egoera sortzen dituela salatu dute, eta herritarrek behin eta berriz eskatu dute "segurtasuna bermatuko duen konponbide bat". Testigantzaren arabera, joan den asteko astearte goizean norbaitek zebrabide bat eta eguzkilore bat margotu zituen errepidean, "administrazioen isiltasunaren aurrean".

Astebete eskas iraun du behin-behineko zebrabideak. Administrazioak bidalitako langileek zebrabidea eta eguzkilorea ezabatu dituzte. Bizilagunei adierazi diete margotutako pasabidea "arriskutsuegia" zela, eta beraz, ezin dela mantendu. Herritarrek azpimarratu dute arriskua ez duela zebrabide margotuak sortu, lehenagotik dela arriskutsua, eta "segurtasun arazo estrukturala" duela herriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago