Indarkeria matxista atzean utzi duen emakume bati babesa agertu dio Aguraingo Udalak

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 5a

Erasoen kontrako elkarretaratze bat Agurainen, 2024an. Argazkia: ALEA

Udalak indarkeria gaitzesi, eta elkarretaratzera deitu du ostiralean.

Emakume batek eta bere alabek jasaten zuten indarkeria matxistari amaiera ematea erabaki dutela jakinarazi du Aguraingo Udalak, ohar baten bidez. Erakundeak babes osoa adierazi dio biktimari, eta bere ausardia goraipatu du urteetan bizitako "indarkeria zirkulua apurtzeko urratsa emateagatik". Indarkeria fisikoa, psikologikoa, bikarioa eta ekonomikoa jasaten ari zirela gogoratu du erakundeak, eta berretsi du indarkeria mota guztien aurka dagoela, gizon eta emakumeen arteko botere harreman desberdinetan oinarritutako jarrera sexistak irmoki gaitzesten dituela.

Une honetan, Arabako Lautadan 38 emakumek eman dute euren egoeraren berri zerbitzu publikoetan, "laguntza eskatzeko eta indarkeriarik gabeko bizitza bat izateko eskubideaz gozatzen hasteko". Udalak gogorarazi du publiko egin den kasu honez gain, beste asko isilpean geratzen direla, eta biktima askok euren eskualdetik alde egin behar izaten dutela erasotzaileengandik ihes egiteko. Hori dela eta, erakundeak azpimarratu du ezinbestekoa dela gizarte osoaren inplikazioa ezkutuko eraso horiek guztiak azaleratzeko eta biktimei babesa emateko.

Indarkeria matxistaren aurrean erantzun bateratua emateko asmoz, Aguraingo Udalak elkarretaratze batera deitu ditu herritarrak. Hitzordua ostiralean izango da, otsailaren 6an,  19:00etan, San Juan plazan. Ekimen honen bidez, herriak elkartasuna adierazi nahi die indarkeriaren biktima diren emakume, haur eta adingabeei, indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten aldeko konpromisoa berretsiz.

 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago