Arabako Lautadako Kuadrillak eta eskualdeko udalek bilera bat izan dute asteon Osakidetzako Arabako ESIarekin, Lautadako herritarrei eragiten dieten osasun zerbitzuan antzemandako hainbat gabezia aztertzeko. Osasun mentala, batez ere haurren eta nerabeen kasuan, udalen kezka handienen artean dago. Ildo horretan, haur eta nerabeen osasun mentala eta gaixotasun mentalak artatuko dituen zerbitzu publiko duina eskatu dute.
Osakidetzak emandako azken datuen arabera, Arabako Lautadako 54 adingabe Arabako Osasun Mentaleko Sarean tratatzen dira, eta horiei kabinete pribatuetan artatutako kasuak gehitu behar zaizkie. Bereziki kezkagarriak dira jokabide suizidako eta jazarpeneko protokoloen irekiera ikastetxeetan eta Gasteizko haur eta gazteen osasun mentaleko unitatean artatutako kasuen gorakada.
Osasun mentaleko sareak ESItik kanpo daudela jakinarazi zuten Arabako Osakidetzako arduradunek bileran, eta osasun mentaleko sarearekin egindako koordinazio bileretan gaia aztertzeko konpromisoa hartu zuten.
Pediatra bakarra
Lautadako herritarrek dituzten kezka artean udalek arreta pediatrikoa aipatu dute, lehen mailako arretako zerbitzuaren estaldura oporraldietan, erizaintza zerbitzuaren egoera, gaixotasun kronikoetarako medikazioa eta hitzorduak atzeratzearen ari direla.
Lautadako erakundeek azaldu dutenez, duela hilabete batzuetatik ez dago pediatrarik eskualdean, eta litekeena da laster egun dagoen pediatra bakarrak baimen bat hartzea. Arabako ESItik jakinarazi dutenez, pediatriako plazak betetzea bereziki zaila da, eta Lautadan arreta ematen duen pediatra bakarrak errefortzuak eta arreta hitzorduak ezarri ditu larunbatean.
Denbora batez pediatra hori eduki ezin bada, larunbatetan pediatriako arreta emateko aukeraren berri eman zuten Arabako ESIko arduradunek. Halaber, azpimarratu zuten familia medikuak prest daudela egoera horiei erantzuteko, eta pediatriako erizainaren argibideak jarraituz, hala badagokio, Gasteizko Salburuko zentrora edo pediatriako larrialdietara bideratuko direla.
Arabako ESIko ordezkariek jakinarazi zuten mediku gutxi zeudela eta zaila zela horrelako profilak hornitzea, oro har landa eremuan, eta, bereziki, Lautadan, Aguraingo, Dulantziko eta Asparreneko osasun zentroetan kupo handiak daudelako. Ildo horretan, duela aste batzuk Aguraingo Osasun Zentroan ezarritako mediku errefortzu baten berri eman zuten. Ondo funtzionatuz gero, sendotu nahi dutena.