Arabako Mendiak Aske elkarteak jakinarazi du Cluster Vitoria 30kV zentral eolikoaren sustatzaileak proiektuari uko egiteko eskaera aurkeztu duela Eusko Jaurlaritzan, eta eskaera hori onartu egin dela. Elkartearen arabera, ingurumen inpaktuaren adierazpena kontrakoa delako utzi du proiektua bertan behera enpresak.
Savannah Power Solar 14 S.L. enpresak 29,94 MWeko potentzia duten sei aerosorgailuen parkea proiektatu zuen Burgu, Barrundia, Dulantzi, Iruraitz-Gauna eta Donemiliaga udalerrien artean, hain zuzen ere Dulantzi eta A-1a banatzen dituen beheko mendian.
"Ospatzeko moduko" albistea izan arren, Mendiak Askek gogoratu du ehundik gora zentral eoliko edo fotovoltaiko proiektatuta daudela herrialdean, eta horietako batzuk, "tamalez", jada martxan daudela, hala nola Labrazako zentral eolikoa.
Arabako Mendiak Askek adierazi du ingurumen adierazpenean jasotzen dela proiektuak ingurumen sentsibilitate ekologiko handiko lurrak hartzen dituela, desagertzeko arriskuan dauden hainbat hegazti espeziren dentsitate handia dagoela bertan, baita Natura 2000 sareko guneen kontserbazio helburuetan eragin kaltegarriak dituela ere.
"Araba ingurumen aberastasun ikaragarria duen probintzia bat da", esan du Arabako Mendiak Askek. "Euskadiko Natura Sarean dauden 59 eremuetatik, 29 Araban daude (%56,5), beraz ez da harritzekoa halako beste proiektu bat baztertu izana, ingurumenean eragin ditzakeen kalteengatik".