Arabazozo bikotea protagonista izan da 2025ean Arabako hainbat herritako inauterietan, tradiziozko doinu eta dantzak hitz berriekin jantzi eta bertsoekin osatuz. Sorkuntza hori guztia material didaktiko digital eta fisiko bihurtu dute orain. Bost herrirentzat (Kuartango, Salcedo, Ilarduia-Egino-Andoin, Zalduondo eta Kanpezu) kantuak sortu dituzte Asier Otamendi, Manex Agirre, Eli Zaldua, Paula Amilburu, Oihane Perea eta Hegoi Amabizka bertsolariek. Mikel Goikuria eta Garikoitz Garciaren musika oinarriekin eta Natxo Vidal nahiz Amaia Garmendiaren ilustrazioekin, bideoklipak eta unitate didaktikoak osatu dituzte.
"Bertsolaritzatik ekarpen bat egin nahi izan dugu, inauterietako filosofia orokorrarekin bat eginez, Ipar Euskal Herriko inauterien azterketa egin ostean, gure lurraldeko errealitatean txertatuz funtzio sozial bat emateko", azaldu dute aurkezpenean. Herri inauteriekin lankidetzan aritu ziren iaz, eta aurten ere bide beretik jarduteko asmoa dute; Zalduondo, Asparrena eta Kanpezuko herri inauterietan bertsolariak egongo dira, eta baita Gasteizko Alde Zaharrekoetan ere.
Material guztia, mapak eta jolasak barne, eskuragarri dago www.bertsoikasgela.eus atarian eta Arabako ALEAren webgunean. Etorkizunera begira, proiektuak ez du etenik, eta aurten erronka berriak finkatu dituzte dagoeneko. Inauterien lanketaz gain, botargen inguruko azterketan sakonduko dute, Oiongo botargan hasitako bideari jarraipena emanez, eta udaberrian kantu propioak sortuz. Gainera, udazkenerako paperezko argitalpen didaktiko bat kaleratzeko asmoa dute, Arabako ondare inmateriala belaunaldi berrien artean zabal dadin.