Balorazio ona egin du Aguraingo Udalak Altsasu eta Miranda Ebro arteko tren zerbitzu berriaren inguruan, baina hainbat hobekuntza egiteko beharra azpimarratu du. Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburu Susana Garcia Chuecarekin batzartu dira trenbide korridoreko udalek iaz martxan jarri zuten zerbitzu hori aztertzeko.
Aguraingo Udalak maiztasun gehiago, irisgarritasunean hobekuntzak eta BAT txartelarekiko bateragarritasuna proposatu ditu. "Oso ongi baloratzen dugu zerbitzuaren ezarpena. Datu zehatzik ez dugun arren, badakigu asko handitu egin dela orain trenez mugitzen den jende kopurua. Baina premiazkoa eta beharrezkoa da hiru eremu horietan zerbitzua hobetzen jarraitzea", nabarmendu du Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak.
Maiztasunak hobetu egin direla aitortu arren, alkateak uste du ordu tarte garrantzitsuak daudela oraindik zintzilik. Hala, Aguraindik Gasteizerako norabidean, adibidez, ez dago trenik goiz erdian (9:30etik 13:00etara) eta arratsalde erdian (16:30etik 20:00etara). Gasteiztik itzultzeko ere zerbitzu falta dago arratsaldean (15:15 eta 18:15 artean) eta pertsona batzuk 20:00etan ateratzen dira lanetik baina 21:30ak arte ez dute itzultzeko trenik. Gainera, astegunetan 23:00etan Gasteiztik itzultzeko tren bat dago, asteburuan kentzen dutena, eta udalaren ustetan mantendu egin beharko litzatekeena, Gasteiztik kanpo bizi direnak aisialdiaz gozatu eta etxera segurtasunez itzuli ahal izateko.
Halaber, udalaren ustez zerbitzuak duen arazo larriena trenen eta geltokien irisgarritasun falta da. Une honetan, bagoietara sartzeko eskaileren altuerak eta nasatik trenera arte uzten duten distantzia handiak edonorentzat arriskutsuak direla esan du Lopez de Uraldek, "baina guztiz eskuraezinak adinekoentzat edo mugikortasun txikia dutenentzat".