Aguraingo Udalak 13,6 milioi euroko aurrekontua onartu du

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 19a

Bustamante jauregia birgaitzeko proiektua 2024an onartu zuten. Argazkia: AGURAINGO UDALA

Gazteentzako alokairu sozialeko etxebizitzak abian jartzeko Bustamante jauregia birgaituko du udalak.

Aguraingo osoko bilkurak ostegun honetan onartu du 2026. urterako aurrekontua. Guztira 13.668.526 eurokoa da, 2025ean baino %14 altuagoa. EAJk aurrekontuen aurka bozkatu du, nahiz eta udal gobernuak azpimarratu duenez, oposizioaren hainbat partida onartu dituzte.

Horien artean, EH Bilduko gobernuak esan du 280.000 euroko partidak onartu dituztela, besteak beste, Alde Zaharrera igotzeko igogailu bat jartzeko, industrialdean argiteria LED teknologiara egokitzeko, bidegorri bat egiteko partida eta Harresi auzoko haur jolas parkearen estaldura berreskuratzeko.

Oposizioak egindako proposamenez gain, ekainean hasitako parte hartze prozesuan herritarrek aukeratutako proiektuak jasotzen dira. Prozesu horretan, guztira, 29 proposamen jaso ziren baina teknikariek berrikusi eta herritarren bozketa fasea igaro ondoren, bi izan dira udal aurrekontuetan sartzeko hautatuak, guztira 100.000 euroko aurrekontuarekin. Alde batetik, Sagarmin kaleko kirol kantxaren zorua aldatzea eta, bestetik Aguraingo industria gunera joateko oinezkoentzako bidea egitea.

Horrez gain, badira ere beste proiektu batzuk, besteak beste gazteentzako alokairu sozialeko etxebizitzak abian jartzeko Bustamante jauregia birgaitzeko obrak, (2.161.420 euro); eskola eremuko eraikin publikoetarako eta anbulatoriorako biomasa bidezko bero sarea eraikitzeko proiektua egitea (150.000 euro); Langarika pasealekuaren plazaren urbanizazio proiektua egitea eta obrak (1.009.275 euro) eta Magdalena auzoa urbanizatzeko proiektua egitea eta obrak (551.600 euro). 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago