150 Gramo Jaialdia oholtzak betetzera itzuliko da berriro ere, arte eszeniko alternatiboen eskaintza zabalarekin. Montehermosoko Kulturunean izango dira jarduera gehienak, hiru egunetan zehar, hamabi ikuskizun hartuko ditu, estatuko hainbat konpainiaren lanak. Ohikoa den bezala, egunero lau pieza eskainiko dira, eta bakoitzak lau pase ezberdin izango ditu, ikusleek ordutegi malguak izan ditzaten eta aukera izan dezaten egun berean hainbat emanaldi ikusteko.
Aurtengo edizioak, ordea, jauzi kualitatibo bat egingo du: lehen aldiz, jaialdiak Gasteiztik kanpora egingo du salto, eta Agurainen ere izango da programazioa. Hedapen horri eta Dendaz denda atalari esker, jaialdiak 60 emanaldi baino gehiago bilduko ditu guztira. Hemen ikus daiteke egitarau osoa.
Jasotako proposamenen artean, hamabi lan eszeniko hautatu dira, diziplina anitzak barne hartzen dituztenak: antzerkia, dantza, txotxongiloak, performancea, kontakizuna eta clowna, besteak beste. Helburua askotariko publikoa erakartzea da, eta formatu "arin, hurbil eta eskuragarriak" sustatzea.
Abenduaren 17tik aurrera salgai egongo dira jaialdirako abonuak, abonos150gr@gmail.com helbidera idatzita. Bestalde, sarrera solteak Montehermosoko harreran salduko dira. Aurrez erosteko, abenduaren 20an dago aukera, 12:00etatik 14:00etara, edo abenduaren 23an eta 26an arratsaldez, 18:30etatik 20:30etara.
Jaialdiaren egunetan bertan ere eros daitezke sarrerak, 12:00etatik 14:00etara edo 17:00etatik aurrera. Jaialdi osorako abonua 33 euroan eskaintzen dute, egun bateko abonua berriz, 13 euroan. Eta ikuskizun zehatz batekoa erosi nahi izatekotan 4,5 € ordaindu beharko dira saioko.
Dendaz denda, artea saltokietara
Dendaz denda 150 Gramo jaialdiaren luzapena da, eta hiriko denda eta lokalak bihurtzen ditu eszenatoki txiki. Ikusleek ohiko aretoetatik kanpo gozatu ahal izango dute antzerkia eta dantza, eguneroko espazioetan bertan.
Pieza hauek laburrak eta sarritan doakoak edo sarrera librekoak izaten dira, edukiera bete arte. Horrela, kulturaren eta hiriaren eguneroko bizitzaren arteko lotura estutu nahi dute antolatzaileek.