Aguraingo Udalak aste honetan inauguratu du Lezao kirolgune berritua. Obrak goitik behera aldatu du espazio zaharraren osaera. Udalak adierazi duenez, Aguraingo kirol diziplina guztien beharrak asetzeko erabilera anitzeko pista egokitzea izan da erronka tekniko konplexuenetako bat.
Aurreikusitako inbertsioa 7,5 milioi euro ingurukoa izan da, kiroldegia, pilotalekua, igerilekuaren aislamendu termikoa eta kanpoko urbanizazioa berritzeko. Lehen esparru bakarra zena bi eremu handitan banatu da orain: frontoia eta erabilera anitzeko espazioa. "Banaketa berri horri esker, hainbat kirol aldi berean egin ahalko dira, hala nola hockeya, saskibaloia eta areto-futbola".
Pilota profesionalerako egokitua
Ikusleak hartzeko harmailak ere jarri dira bi espazio nagusiak banatzen. Pilotalekuak 500 ikusle ingururentzako edukiera du pilota profesionaleko partidetarako eskatzen den
gutxienekoa bermatzen duten harmaila barneragarri eta osagarriei esker, eta kiroldegiak, berriz, 330 ikusle inguru jasotzeko edukiera.
Ur-instalazioetan eta eremu komunetan ere hobekuntzak egin dira. Igerilekuen klimatizazioa berritu da kondentsazioa saihesteko, aldagelak konpondu dira eta gune berriak eraiki dira: 15 lagunentzako edukiera duten lau aldagela handi, bi ertain eta epaileentzat, banakako hiru.
Aldaketarik garrantzitsuena, ordea, "ikusezina da kirolarientzat, baina funtsezkoa udalerriaren etorkizunerako", esan du udalak. Kirolguneak gasolioa eta gas naturala kontsumitzeari utzi eta energia lortzen hasiko dira bero-ponpen eta plaka fotovoltaikoen bidez, instalazio publiko honetan erregai fosilekiko menpekotasunarekin bukatuz.