Gorroto diskurtsoei aurre egiteko tresna bila

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 5a

Zabalarten izango dira, aurten ere, jarduera nagusiak. Argazkia: GGKE-en KOORDINAKUNDEA

Azaroaren 10etik 16ra bitartean, Aguraingo Elkartasun Astea ospatuko dute, 'Gorroto diskurtsorik? Ez, eskerrik asko!' lelopean.

Aguraingo Elkartasun Astearen edizio berria egingo dute azaroaren 10etik 16ra, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen eskutik, eta Aguraingo Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta eLankidetzaren babesarekin. Aurten, gorroto diskurtsoen gaia izango dute ardatz, autoritarismoen gorakadaren eta eskuin muturraren ondorioz estrategia politiko gisa normalizatzen ari den joera arriskutsua nabarmenduz. Koordinakundeak azpimarratu du gorrotoa kaleetan, institutuetan eta sare sozialetan hedatzen dela, eta Araban erregistratutako 22 arau-hauste penal baino askoz gehiago direla salatzen ez diren erasoak.

Asteko jarduera nagusia solasaldi bat izango da, azaroaren 11n, 18:00etan Zabalarten. Fernando Sanchez Aranaz historialari eta kazetariak moderatutako mahai inguru honen helburua da gorroto diskurtsoei aurre egiteko esperientziak ikusaraztea, bai maila lokalean, bai nazioartean. Parte-hartzaileen artean izango dira Lilian Hernandez El Salvadorko indarkeria matxistetan aditua, ZAS! zurrumurruen aurkako sarearen ordezkariak eta Ainhoa Armentia Alboan GGKEko teknikaria. Bertan, gorroto diskurtsoen zergatiak, giza eskubideetan duten eragina eta haiei aurre egiteko moduak aztertuko dituzte.

Jardueren artean, aste osoan zehar, Afrikari buruzko bi erakusketa bisitatu ahal izango dira Zabalarten. Horietako lehena, Afrikan murgiltzen: Afrika (bir)kontatzen, Munduko Medikuak erakundeak Euskal Herriko ikasleekin batera sortutakoa da. Erakusketak Afrikako errealitateak hurbildu nahi dizkie herritarrei, ikuspegi afrozentriko batetik, estereotipoak eta irudi partzialak zalantzan jarriz.

Bigarren erakusketa, Nazioarteko Elkartasuna erakundearen eskutik, Kamerun: emakumeak gatazkan, emakume defendatzaileak izenekoa da. Honek euskal herritarrak sentsibilizatu nahi ditu gatazka egoeretan bizi diren Kamerungo emakumeen errealitatera hurbilduz. Testigantza grafikoen bidez, erakusketak emakumeek bakearen, erresistentziaren eta giza eskubideen defentsan duten funtsezko zeregina azpimarratzen du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago