Babestutako edukia

Eguneko arreta zentroa, bidean

Erredakzioa 2025eko urriaren 9a

Zuberoa kaleko bi lokal batu eta egokituko dituzte adinekoen eguneko arreta zentro berrirako. Argazkia: AGURAINGO UDALA

Aguraingo Udalaren jabetzakoak diren eta elkarren ondoan dauden bi lokal batu eta egokituko dituzte, udaberrira begira, adinekoen eguneko arreta zerbitzua ahalik eta baldintza onenetan eman dadin.

Aguraingo Udalak adinekoen eguneko arreta zerbitzua emateko egoitza berri bat eraikitzeko kontratazio prozedura abiatu du. Izan ere, gaur egun zerbitzu hau emateko erabiltzen den eraikina txiki geratu da, eta ez ditu irisgarritasun baldintza egokiak betetzen.

Egoitza berria udaberrirako amaituta egotea espero du udalak, irisgarritasun baldintza guztiak bermatuko dituen eraikina eta adineko pertsonen arreta egokirako espazio egokituak izango dituena.

Gaur egun, hamar pertsonari egiten zaie arreta eta, hasiera batean, asmoa ez da erabiltzaile kopurua handitzea, baina progresiboki eta beharrak handitzen doazen heinean, hogei erabiltzaile artatzeko aukera ere izango da egoitza berri honetan, jakinarazi dutenez.

380.000 euroko kostua izango dute lanek, eta datorren udaberrirako amaitu nahi dituzte

Espazioei dagokionez, erabilera anitzeko guneak egongo dira bertan, hala nola, sukaldea, jantokia, atsedena hartzeko gunea edota jarduera ezberdinak egiteko espazio zabala ere.

Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak adierazi duenez, adineko pertsonen arretarako egoitza berri honen kokapena "oso egokia" da. "Behe solairu batean egoteak asko errazten du adineko pertsonen irisgarritasuna; gainera oinezkoentzako eremua eta berdegune asko ditu inguruan. Egoitza barruan zein aire librean askotariko jarduerak egiteko oso toki aproposa dela uste dugu".

Osasun mentala

Beste alde batetik, Aguraingo Udalak Jaurlaritzari eskatu dio Lautadako haur eta nerabeek osasun mentala eta gaixotasun mentalak artatuko dituen zerbitzu publiko bat eskualdean bertan martxan jartzea. Burua Zaindu Lautada taldeak aurkeztu du ekimena, eta aho batez onartu egin zen.

Izan ere, gero eta gehiago dira haur eskola, ikastola zein institutuetan edota haurrak edo nerabeak biltzen diren guneetan identifikatzen diren arazo psikologikoak dituzten haur eta nerabeak. Eta datu ofizialek hala adierazten dute. Osakidetzak emandako datuen arabera, Arabako Osasun Mentaleko Sarean 54 dira artatzen diren Lautadako haur eta gazteak. Daturik ez badago ere, beste asko dira Gasteizko kabinete pribatuetara joaten diren familiak.

Egoera larri eta kezkagarri horren aurrean, baliabideak guztiz urriak direla nabarmendu dute Udaletik. Izan ere, Munduko Osasun Elkartearen arabera, beharrezkoa den psikologoen tasa 100.000 pertsonako 18koa da batez beste Europan, eta EAEko tasa 6,7koa da.

Egoera honek bultzatuta, Lope de Larrea Ikastola eta Aniturri Institutuko guraso elkarteek, laguntza bermatzeko asmoz, kabinete pribatu bat kontratatu zuten, baina berehala agerian geratu zen errekurtso hori motz gelditzen zela. "Heldu da unea, erakunde publikoetatik zerbitzu hori bermatzeko", adierazi du Raul Lopez de Uralde alkateak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago