Donemiliagako Udalak datorren urterako ordenantza fiskalen proiektua aurkeztu du, eta hainbat berrikuntza ekarriko ditu bai Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) bai Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ) ere. Oro har, zergek KPIaren igoera izango dute, eta, gainera, errentaren, energia eraginkortasunaren eta etxebizitzen erabileraren arabera hobari eta errekargu berriak jasoko dituzte.
OHZren kasuan, zerga %2,6 igoko da, KPIaren balioari dagokion kopuruan. Horrez gain, errenta txikienek %95erainoko hobariak jaso ahal izango dituzte. Energia eraginkortasuna sustatzeko, A etiketa energetikoa duten higiezinek %50eko hobaria izango dute, eta B etiketa dutenek %25ekoa. Komunitate energetikoen parte diren higiezinek ere %25eko hobaria izango dute.
Halaber, neurri berrien artean, etxebizitza hutsen gaineko errekargua nabarmentzen da. Udalak erabaki du ohiko bizilekua ez duten etxebizitzei %50eko errekargua ezartzea OHZn, etxebizitza erabilera arduratsua bultzatzeko helburuarekin. Hala ere, 13 salbuespen aurreikusi dira: besteak beste, ostalaritza edo lanbide jardueretarako higiezinak, aurri egoeran daudenak, herentzia bidez bi urtez izandakoak edo hirugarren adinekoen egoitzetan erroldatutako pertsonen jabetzako etxebizitzak.
Bestalde, EIOZen ere aldaketak sartuko dira: autokontsumorako energiaa sistemak instalatzeko eta irisgarritasuna hobetzeko obrak egiten dituztenei %2ko beherapena aplikatuko zaie.
Donemiliagako Udalaren arabera, neurri hauek "udal zerga sistema bidezkoago eta jasangarriago baterantz" egiten dute, eta herritarren artean "energia-eraginkortasuna eta etxebizitza erabilera arduratsua" sustatzea dute helburu.