Iruraiz-Gaunako Udal Gobernuak ostiralean aurkeztu du 2026ko ordenantza fiskalen proiektua. Proposamenak oro har zergen eguneratzea, hobari berrien ezarpena eta hondakinen kudeaketaren tasaren igoera handia jasotzen du, "araudia betetzeko eta udal kudeaketaren kostuak estaltzeko helburuarekin".
Urriaren 3an izandako osoko bilkuran EH Bilduko udal gobernuak aurkeztutako testuaren arabera, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta Ibilgailuen gaineko Zerga (IZ) KPIaren arabera eguneratuko dira, %2,65eko igoerarekin. OHZren barruan, bi hobari berri sartuko dira: %25eko hobaria auzokideen komunitateetan edo energia komunitateetan sistema fotovoltaikoak jartzeko, eta %20koa autokontsumorako instalazio fotovoltaikoetarako. Gainera, errentaren araberako hobarien taulak eguneratu dira, eta 12.000 eurotik beherako errentetan %95eko hobaria lortu ahal izango da.
Bestalde, hiri hondakinak biltzeko zerbitzuaren tasa izango da aldaketa handiena jasoko duena: igoera %100etik gorakoa izango da, "kudeaketa kostuak osorik estaltzeko legeak ezarritako helburua betetzeko". Udalak adierazi duenez, igoeraren ondorioz, etxebizitza bakoitzeko tasa 138 eurokoa izango da.
Proiektua orain jendaurrean jarriko da, eta alegazioak aurkezteko epea irekiko da, behin betiko onarpena eman aurretik.