josune garcia de bikuña

"Hasi nintzenetik, Agurain babesleku bat izan da"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko urriaren 4a

Argazkia: JON HIDALGO/ALEA

Lautadako herrikideen babesa hasieratik sentitu duela azaldu du Josune Garcia de Bikuña ipuin kontalariak, eta gainera herrietako kondairak eta istorioak ere baliatu izan ditu bere saioak osatzeko. Une honetan, bere erronka nagusia ahozkotasuna lantzea eta prestatzen jarraitzea dela azpimarratu du.

Sorlasean egitasmoan eta ipuin kontalaritzan erabat murgilduta dago Josune Garcia de Bikuña (Agurain, 1985) azken urteetan. Haur edo familia publikoarentzako saioak egin ditu batez ere, baina dagoeneko aurkeztu du publiko helduarentzako bere lehen ipuin saioa ere. Oso momentu onean dagoela azaldu dio ALEAri, eta oso pozik "honaino iritsi izanagatik". Herriak babesa eta istorioak ematen dizkiola azaldu du: "Jendea herri batetik bestera mugitzen da nirekin ipuinetan bidaiatzera".

Nola eta noiz hasi zinen ipuinak kontatzen? 
Nolabait intimitatean edo hasi nintzen, Sorlasean programa martxan jarri nuenean. 2021ean haur eta gazteekin antzerkigintzara hurbiltzeko programa bat martxan jarri nuen, hasierako errutinaren barruan ipuintxo bat kontatzen hasi nintzen, eta hor deskubritu nuen gustatzen zitzaidala eta haurrek ere gozatzen zutela. Horrek piztu zidan pixka formatzeko bidea aurkitzeko gogoa.

"Bereizten nauena izan daiteke musikak beti duela lekutxo bat nire kontakizunean" 

Prestakuntza egin zenuen ostean?
Aurretik banituen ikusiak ipuin kontalariak; eta pentsatzen nuen: Jo, zer guay egiten dutena!, Zer polita! Eta orduan nolabait erabaki nuen izan zitekeela bide posible bat, nahi nuela horretan sakondu eta hasi nintzen formakuntza bila. Hasiera batean Madrilen dagoen Escuela de Cuentacuentos izenekoan egin nuen online ikastaro txiki bat, eta gero lagun baten bitartez ezagutu nuen Arabazan ahozkotasun elkartea. Atea jo nuen eta ireki zidaten. Bertan aurkitu nuen emakume taldetxo zoragarri bat, bidea egiten lagundu didana. Talde horren bitartez ere sortu dugu Garaionen iaz martxan jarri genuen eskola, eta hor ari naiz formakuntza sakon bat jasotzen, disfrutatzen.

Ahozko tradizioarekin edo ipuin klasikoekin zer harreman izan duzu?
Ipuinak beti gustatu izan zaizkit. Txikia nintzenean eta gaixorik nengoenean beti jartzen zizkidaten zinta batean ipuinak, izugarri gustatzen zitzaidan momentu hori, gurasoen ondoan jarrita ipuinak entzutea. Eta gero amak betidanik kontatu izan dizkit siesta orduan ipuinak eta ahotsak ere jartzen zituen. Aita ere oso kontalari ona izan da, eta bere txikitako komeriak kontatzen zituen. Kontatzeko hazitxo hori etxean jaso dut, orain arte oso kontziente izan ez banaiz ere.

Polifazetikoa zara: dantza, musika, kontalaritza eta yoga ere gustuko duzu.
Ni beti izan naiz oso saltseroa. Gustatzen zait esparru guztietan aritzea, eta musikaren munduan aritu izan naiz beti, kantuan, instrumentuak jotzen. Antzerkigintzan ere formakuntzak egin ditut, dantzan ikastaroak. Artisteoa eta istorioak kontatzea beti gustatu izan zait; lehen agian kantuaren bidez egiten nuen gehiago, eta orain beste bide batetik. Nik uste dut orokorrean gorputzarekin konektatzen nauten gauzak gustatzen zaizkidala. Gorputza instrumentu bezala, bai mugimenduari dagokionez, bai ahotsaren erabilerari dagokienez, eta baita komunikatzeko nahi edo behar edo gaitasun hori; nik uste dut txikitatik datorkidan zerbait dela. Gustatzen zaizkit gorputza inplikatzen duten arteak. Eta arnasketa ere bai. Arnasketa oso garrantzitsua da bai yogan, bai kantuan, bai kontatzeko orduan ere. Zure arnasketa, erritmoa, publikoarekin batera sortzen den arnasketa hori.

"Beharrezkoa da espazioak sortzea, non hitzak hartzen duen lekua" 

Diziplina horiek balio dizute bidea egiteko?
Ibilbidean nolabait pilatzen dituzun tresna horiek gero balio dizute. Nire kasuan, kontatzen hasi nintzenean banituen tresna batzuk, eta beste asko ikasteko nituen, kontalaritzari buruz edo ahozkotasunak eskatzen duen teknika eta edukiari buruz.

Nolakoak dira zure saioak? Haurrentzat dira? Helduentzat?
Orokorrean haur edo familia publikorentzat egiten dut. Dena dela, nik ere pentsatzen dut ipuinek badituztela geruza asko, eta bai txikientzat zein nagusientzat izan dezaketela zentzua. Baina berez familia giroan aritzen naiz gehienbat. Azken hilabeteetan nagusientzako pieza bat prestatzen nabil, eta publiko aurreko bi saio egin ditut erakusteko; bat Agurainen egin nuen eta bestea Garaionen ipuinen egunean. Eta hori da nire hurrengo erronka, publiko nagusiaren aurrean jartzea. Horretan bidelagun daukat Itziar Rekalde.

Ezaugarri edo estilo propioa garatu duzu zure kontakizunetan?
Uste dut kontalari bakoitzak baduela bere estilo propioa, garena garelako. Bakoitzak badu bere energia propioa, bere gorputza mugitzeko modu bat, bere ahotsa erabiltzeko modu bat. Gero, ipuinak aukeratzeko momentuan ere, ipuin batzuekin konektatzen duzu gehiago eta besteekin gutxiago. Nik esango nuke nahiko modu naturalean garatu dudan zerbait dela. Ez dut kontzienteki pentsatu: "Hau horrela egingo dut, horrela mugituko naiz". Ez. Badaukat nire egiteko modua, eta gero horretan sakondu dut. Igual pixka bat bereizten nauena izan daiteke musikak beti baduela lekutxo bat nire kontakizunean. Musika tresnaren bat erabiltzen dut hemen edo han, edo kantatzen dut pixka bat.

Nola ikusten duzu ipuin kontalaritza herrialdean? Osasuntsu dagoela esango zenuke? 
Ez dakit ni naizen horri erantzuteko pertsonarik egokiena, eta beldur pixkat ematen dit ere hanka sartzeak. Nire sentsazioa da ahozko tradizioa izan dela betidaniko gauza bat, momentu batean pixka bat galdu egin zena edo behintzat bigarren plano batera pasatu zena, eta 80ko hamarkadatik hona berpizten joan da, edo birmoldatzen, edo berriz definitzen joan da. Gaur egun, agian, ipuin kontalaritza ikusten da aisialdirako eta entretenimendurako gauza bezala, liburutegietan programatzen dugu, haurrak eramaten ditugu, eta ondo pasatzen dute. Eta igual gure lana ere bada kontalaritzari bere lekua ematea arte eszeniko bezala kokatu edo defendatu, eta duen sakontasun hori bermatzea, ipuinen bitartez gauza asko transmititzen delako. Ardura handia daukagula iruditzen zait eta batzuetan ezin dela edonon edo edonola egin. Zaindu beharreko zerbait dela pentsatzen dut.

Zure ustez, zein da ipuin kontalaritzaren garrantzia gaur egungo gizartean, pantailen garaian?
Iruditzen zait gaur egungo mundu hiper estimulatu honetan bizi garela zarataz inguratuta: pantailak, musika, kaskoak…, eta oso gauza beharrezkoa dela espazioak sortzea, non hitzak hartzen duen lekua, eta kontalariaren eta publikoaren artean sortzen den bidaia emozional horretan barneratzen garen. Uste dut hitzek bakarrik edo hitzek nagusiki bideratzen duten bidaia horretan barneratzeak daukala kristoren indarra.

"Leku batean ipuin batek barreak sortzen ditu eta bestean denak serio daude"

Pasadizoren bat gogoan duzu?
Gogoan dut, adibidez, bigarren aldiz kontatu nuenean nire herrian bertan. Auzo bateko jaiak ziren eta nik ez nuen esperientziarik, hasiberria nintzen, inozo galanta. Eta zer gertatu zen? Eguzkiak jotzen zuela zuzenean, haur guztiak gorri-gorri han aguantatzen eta ni izerditan. Jaiak zirenez, jendea biltzen joan zen heinean kristoren zarata zegoen inguruan. Hor ikasi nuen hori ez zela lekua kontatzeko. Ondo ikasteko balio izan zidan eta orain esaten didatenean, adibidez, kalean kontatzeko beti galdetzen dut: "Baina itzaletan dago?" Edo jaiak baldin badira errepertorioa ere egokitzen dut, ipuin mota bat edo beste bat, ni ere eroso aritzeko ipuinak kontatzen. Hala ere, inoiz ez dakizu zer gertatuko den, ez daude bi saio berdin, leku batean ipuin batek kristoren barreak sortzen ditu eta bestean denak serio-serio daude. Poliki-poliki ari naiz nolabait ikasten, baina bai, eguzkiarenak eta  zaratarenak traumatizatu ninduten pixka bat (kar, kar, kar). Bestela orokorrean esan behar dut orain arte esperientzia oso txarrik ez dudala izan, eta zortekoa izan naizela, orokorrean gozatu dut.

Agurainekin lotura berezia duzula esango zenuke? Nolakoa da harreman hori?
Nire lehenengo haurrentzako saioa zein nagusientzako proposamena, biak, Agurainen egin ditut Art-Herria programaren barruan. Niretzat Agurain babesleku bat izan da. Bertako jendeak asko lagundu dit indarra hartzen eta oso ondo sentiarazi nau. Uste dut herriak hori ere baduela, elkar ezagutzen dugula, gauza txarrak izan baditzake ere, nire kasuan sentitzen dudana kontrakoa izan da. Eta hasi nintzenetik ba hemendik eta handik deitzen hasi da jendea, inguruko herrietatik, jendea mugitzen da herri batetik bestera nirekin ipuinetan bidaiatzera, eta Agurainek eman dit babesa. Eta bestetik ere istorioak, azkenean herrietan, Agurain bezalako herrietan badira kondairak eta istorio zaharrak eta halakoak. Orain, Opakuan bizi naizela, deskubritu dut hemen, udan, arratsaldetan, badagoela historiaren iturri eder bat eta da banku bat non nagusiak esertzen diren a la freska. Udan hor pasatu ditut hainbat ordu haiekin hizketan haien istorioekin, eta uste dut herriak agian hori ematen dizula, hurbileko istorioak. Istorio zaharrak eta ipuin tradizionalak ezagutzeko beste bide bat.

Non ikusten duzu zeure burua hemendik hamar urtera?
Gustatzen zait bidea pausoz pausoz egitea, erronka txikiak jartzea, eta horietara iristean pentsatuko dut hurrengoa. Epe oso luzera pentsatzeak niri ez dit laguntzen. Nire erronka nagusia da trebatzen jarraitzea, ahozkotasun eskola horretan jasotzen dugun hori guztia xurgatzea, parte hartzen duten ikaskideengandik ahal dudan guzti-guztia ikastea, eta bidea egiten jarraitzea. Eginez ikasi, konplexu handirik gabe, eta ikusiko dut zer dakarren etorkizunak. Momentu honetan oso momentu onean nago, oso pozik nago honaino iritsi izanagatik eta horretan jarraitu nahi dut. Etorriko da etorri behar duena eta lanean jarraituko dut hobetzeko, nire lekua topatzeko, horretan nabil. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago