Gure Zirkua Agurainen izango da urriaren 24tik azaroaren 8ra

Erredakzioa 2025eko irailaren 24a

Gure Zirkua Gasteizen izan zen 2019an. Argazkia: ALEA

Laugarren aldiz etorriko da Gure Zirkua Arabako lurretara. Hamaika emanaldi eskainiko dituzte, eta sarrerak salgai daude jada.

Agurainen altxako da Gure Zirkuaren karpa hilabete barru. Urriaren 24tik azaroaren 8ra euskara hutsezko zirku bakarraren emanaldiak ikusteko aukera izango da, ostiral, larunbat eta igandetan. Lehen aldia da Arabako lautadan geldialdia egiten dutena.

Hamaika emanaldi eskainiko dituzte guztira, adin guztietako ikusleei zuzenduta. Hurbiltzen direnentzat ikuskizun oparoa prestatu dutela adierazi dute Gure Zirkuko kideek. Bertan izango dira pailazoak, akrobatak, magoak, malabaristak, kontorsionistak, musikariak, bihurrikariak eta trapezistak, besteak beste.

15 euroan saltzen dira sarrerak Gure Zirkuaren webgunean, eta bi urtetik beherako haurrengatik ez da ordaindu beharrik izango. 2017an lehen emanaldiak eskaini zituztenetik bueltaka ibili dira Euskal Herriko luze zabalean. Aguraingoa laugarren aldia izango da Arabako lurretan karpa altxatzen dutena. Aurrekoetan Gasteizen, Amurrion eta Etxabarri Ibiñan gelditu dira, eta sarrera guztiak saldu izan dituzte beti.

Arratsaldez izango dira ikuskizun gehienak, baina goizeko emanaldiak ere egingo dituzte, 12:00etan hasita, urriaren 26an eta azaroaren 2an eta 8an.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago