Aguraingo Aniturri Institutuko guraso elkarteak (IGE) salatu duenez, ikasturte berria hasi eta hainbat ikasle –DBHkoak, Batxilergokoak eta Lanbide Heziketakoak– garraiorik gabe geratu dira Lautadako herri ugaritan. Arazoari irtenbidea emateko eskariarekin batera, guraso elkarteak sinadura bilketa antolatu du eta ostiral honetan sinadura horiek Hezkuntza Ordezkaritzan entregatu dituzte, Gasteizen.
Arazoaren muina administrazioak ezarritako irizpideetan dago. Hezkuntza Sailak soilik derrigorrezko hezkuntzako ikasleen garraioa bermatzen du, eta horrek bazterrean uzten ditu Batxilergoko eta LHko ikasleak, baita dekretuek ezarritako distantzia irizpideak betetzen ez dituzten DBHkoak ere.
Ibilbide gutxiago
Gurasoek salatu dutenez, irizpide horiek ez dute kontuan hartzen lurraldearen errealitatea: herrien artean ez dago garraio publikorik, eta eskola ordutegietan ezinbestekoa da garraio antolatua. Azken urteetan, autobus handiagoak kontratatuz eta soberan zeuden plazak Batxilergoko zein LHko ikasleei eskainiz aurkitu izan zaio irtenbidea; baina aurten praktika hori eten egin da, eta horrek zuzenean eragin die 20 ikasleri baino gehiagori.
Gainera, hainbat ibilbide kendu dira, tartean Matura, Gebara, Etura, Heredia, Zuazo, Ilarduia, Arrieta, Ametzaga eta Opakua. Araiarako autobusa igarotzen den arren, ez du bertako bederatzi ikasle jasotzen. Egoera horrek, familiek salatu dutenez, aukera gabe utzi ditu ikasleak eta gurasoak: "Dagoeneko ezinezkoa da ez garraio pribatua kontratatzea ezta beste ikastetxe batera aldatzea ere".
IGEren arabera, ikasturte hasiera baino lehen argitaratu beharko lirateke garraiorako eskubidea duten ikasleen zerrendak, familiek garaiz erabakitzeko aukera izan dezaten. Informazioa irailaren 5ean jaso izana, ikasturtea hasita zegoela, "diskriminazio larri" gisa hartu dute gurasoek.
Neurri eske
Horren aurrean, Hezkuntza Sailari honako neurriak eskatu dizkiote:
- Garraio ibilbideak herri gehiagotara zabaltzea.
- Autobus handiagoak erabiltzea Batxilergoko ikasleak ere har ditzaten.
- Aurreko ikasturteetan erabilitako ibilbide eraginkorrak berriz martxan jartzea.