La Leze gaztandegia, menderaezin

Erredakzioa 2025eko irailaren 10a

Hirugarren aldiz jantzi du Ordiziako txapela La Lezek. Argazkia: GOIERRI IRRATI TELEBISTA

Ilarduiako gaztandegiak hirugarren aldiz irabazi du Ordizian; iaz, azkenekoz.

Ilarduiako gaztandegiak ez du areriorik. Hirugarren garaipena lortu du Ordiziako gazta lehiaketan eta Urrezko Kutxa Saria ere eskuratu du. Pedro Subijana sukaldaria buru izan duen epaimahaiak berriz ere aukeratu du Lautadako gazta, eta iazko titulua berretsi.

Saria eman ondorengo enkantean, Donostiako Itxaropena jatetxeak 5.200 euro ordaindu ditu Eli Gorrotxategik eta Jose Mari Jauregi artzainek egindako gaztaren erdiarengatik. Gaztegileek aitortu dute ez zutela espero saria, "maila handia" izan delako lehiaketan. Arkaitzek, Eli eta Jose Mariren semeak, ekoizle hauek egiten duten "eguneroko lana" nabarmendu nahi izan du.

Guztira 45 gazta natural edo ketu aurkeztu dituzte lehiaketara, gehienak Gipuzkoako ekoizleenak (18); Arabako bederatzi izan dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago