Hamahirugarren urtez egingo dira Aguraingo Osasun Mentaleko Jardunaldiak. Aurten irailaren 11n, 18an eta 25ean izango dira saioak, ohiko gisan, Harresi aretoan.
Jardunaldien helburua osasun mentalaren inguruko ezagutza zabaltzea eta gaixotasun mentalen inguruko estigmak apurtzea da. Antolatzaileen arabera, "osasun mentalaren gabezia osasun publikoko arazo bat da, adin tarte guztiei eragiten diena, eta horren inguruan mito eta desinformazio ugari dago".
Lehen saioan, irailaren 11n, min kronikoaren eta ongizate emozionalaren arteko harremana aztertuko dute mahai inguru batean. Parte hartuko dute Arabako ESIko fisioterapeutek, ASAFIMA elkarteak, Minbiziaren aurkako Elkarteak eta Long CoVID Euskadi-LCEUS elkarteak.
Bigarren saioa irailaren 18an izango da, eta depresioa eta antsietatea izango ditu ardatz. Jon Arraezek zuzendutako La marejada: Una inmersión teatral en la depresión antzezlanarekin abiatuko da eguna, eta ondoren solasaldi irekia egingo da profesional eta artistekin.
Amaitzeko, irailaren 25ean, Jeiki fundazioko psikologoa den Nerea Sanguesa eta Arabako Osasun Mentaleko Sareko psikiatra Maddi Laborde Zufiaurre izango dira hizlari nagusiak, Patologia duala: abordatze terapeutikoa gaiaren inguruan. Jardunaldia Arai Dantza Kultur Elkartearen testigantza eta ekitaldi instituzional batekin itxiko da.
Aurtengo nobedade nagusia azken jardunaldia euskaraz egitea izango da, aldi bereko itzulpenarekin, herritar guztiei irekia izan dadin. Hiru egunetako saioak Josune Garcia de Bikuña Kintanak aurkeztuko eta moderatuko ditu.