Udal osoko bilkuran onartutako mozio baten bidez, Iruraiz-Gaunako Udalak aldundiari eskatu dio landa eremuan ELZ Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bermatzeko. Mozioak salatu du eskaintzen den zerbitzua ez dela erabiltzaileen benetako beharretara egokitzen, eta "azpikontratatutako enpresek adierazitako aukeren arabera" ematen dela, hauek langile eskasia argudiatzen baitute zerbitzua ematerakoan.
Iratxe del Barko alkateak azaldu duenez, oinarrizko gizarte zerbitzuek jakinarazi diete Gizarte Ongizaterako Foru Institutuak enpresa azpikontratatuek dituzten aukeren arabera erantzuten duela eskaerei, erabiltzaileen beharren ordez. Alkatearen arabera, langileak aurkitzeko zailtasunak direla eta, arreta-denborak mugatu egiten direla adierazi diete, batez ere asteburuetan, edo espediente berri bat abian jartzeko bi edo hiru hilabete itxaron behar dela.
Udalak ELZ arautzen duen udal araudia osorik betetzeko eskatu du, besteak beste, pertsonak ahalik eta denbora gehien egon daitezela beren etxeetan, "bizitza kalitate duinarekin", eta zaintzaileei laguntza eskaintzea bermatuz. Aldundiari eskatu dio beharrezko neurri guztiak har ditzala erabiltzaileek zerbitzua ongi jaso dezaten.
"Legea betetzeko, landa eremuan etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko eta arabar guztiek eskubide berak dituztela bermatzeko garaia iritsi da, baita gizarte arretaren arloan ere, bizilekua edozein dela", aldarrikatu du Del Barkok.