Leze, AAIren hurrengo jomuga

Juanma Gallego 2025eko irailaren 4a

Inguruan hainbat indusketa arkeologiko egin izan dira. Argazkia: ARKEOLOGIARAKO ARABAR INSTITUTUA

Arkeologiarako Arabar Institutuak Asparrenean berrekingo dio  Gure ondarea, kuadrillaz kuadrilla programari.

Udako atsedenaldiaren ondoren, AAI Arkeologiarako Arabar Institutuak berriro ekingo dio aurten martxan jarritako Gure ondarea, kuadrillaz kuadrilla programari. Hurrengo hitzordua irailaren 13an izango da, Leze haitzuloan eta Lezeako San Pedro herri hustuan, Asparreneko Ilarduiako inguruetan.

Bisita Mikel Beorlegi eta Angel Martinez arkeologoek gidatuko dute. Goizeko 10:00etan hasiko da Lezeko aparkalekutik, eta hiru edo lau ordu iraungo ditu. Parte-hartzaileek lau kilometro inguruko ibilbidea egingo dute, kobazuloaren inguruko natura eta historia uztartuz. Ibilbidearen gune nagusiak izango dira Lezeko iturburua (Neolitoa), Allaran-Surbiko herrixka (protohistoria, erromanizazioa eta Erdi Aroa hartzen ditu) eta, azkenik, Lezeako San Pedroko Erdi Aroko aztarnategia.

Ekimenaren bidez parte-hartzaileek mila urteko bizilekuen aztarnak ezagutzeko aukera izango dute, bai eta inguruko erabilera historikoagoak ere. Antolatzaileek azpimarratu dute lurralde hau gaur egun aisialdirako gunea dela, baina iraganak aztarna arkeologiko ugari utzi dituela, azken urteotan ikerketa arkeologikoek erakutsi dutenez. 

Bisita doakoa izango da AAIko eta Landazuri elkarteko bazkideentzat, bai eta 16 urtetik beherakoentzat ere; gainerakoek 5 euro ordaindu beharko dute. Gehienez 30 lagunentzako lekua izango da, eta aurrez izena ematea beharrezkoa da irailaren 11 baino lehen, secretaria@iaa-aai.org posta elektronikoan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago