Udalerriko aurrekontu parte hartzaileen ekimenera aurkeztutako proposamenen artean hiru aukeratzeko bozketa abiatu du Aguraingo Udalak. Lehen fasean 29 proposamen jaso dira, eta horietatik hamalau igaro dira gaurtik irailaren 26ra arte zabalik egongo den bozketa fasera. Horietatik herritarrek hiru aukeratuko dituzte.
Herritarrek udal webgunearen bidez eman ahal izango dute botoa, eta gehiengoak aukeratutako hiru proposamenak 2026ko udal aurrekontuan sartuko dira, Udalbatzak onar ditzan. Udalak 100.000 euro bideratuko ditu herritarren ideiak gauzatzeko. Aurkeztutako proposamenak batez ere kirol, herri antolamendu eta turismo arloetara bideratu dira.
Baztertu diren proposamenei dagokienez, udalak hainbat arrazoi nagusi azaldu ditu: aurrez udalak aurreikusitako proiektuak izatea, eskumen faltak edo aurrekontu esleipenetik kanpo geratzea. Azken kasu horretan, ekimena aurrera eramateko bestelako bideak aztertuko direla aurreratu dute.
Bozkatu ahalko diren proiektuak honakoak izango dira. Txirrindulari eta patinatzaileentzako igo eta jaisteko zirkuitu txiki bat sortzea, haurrentzako hareazko espazioa egokitzea bolatokiaren aurreko espazioan, Harresi auzoko futbol zelairako lurzorua aldatzea, Historia ezagutarazteko lan arkeologikoak egitea, Apategi kaleko plazatxoko espaloia txukuntzea, iturriak paratzea kirolean aritzeko lekuetan, frontoi zaharreko zorua konpontzea, industrialderako oinezkoentzako bidea egitea, udal aterpetxea egokitzea, Trebiñu kalea asfaltatzea, Zadorra kaleko zati batean noranzko bikoitza kentzea, bi ilarak saihestea eta Entzia eta Dulantzi kaleetako aparkalekuak handitzea, Langarica bidezidorreko areto-futboleko kantxa estaltzea, eta herria sustatzeko Erdi Aroko azoka antolatzea.