Gema Intxaustiren komisariotzaz, Harriak programak beste erakusketa bat zabaldu du Agurainen, Zabalarte etxean. Erakusketan Maria Cascon, Jon Ibala eta Mar Torre. Imagen 38ren lanak daude ikusgai, uztailaren 31ra arte.
Maria Casconek izaera zuzena erakusten du bere fotomatoietan. Erretratu multzo handi batek begiratzen gaitu: batzuk bizkarrez, besteak errepikatu eta sakabanatzen dira. Ez dugu gure burua aurkituko haien artean, irudiak bere barnean eta kanpoan sentiarazteko ahalmena gogorarazten digu. Gema Intxaustiren fotomatoiak datozkit burura, zeinak argazkia erabiltzen baitzuen bitarteko gisa, bere irudikapen eta performatibitate aukerak muturreraino eramateko. Mariaren intentzioa, ordea, kontrakoa da: irudia objektu gisa hartu eta asmoari heltzen dio. Ironiarik gabe, begirada xalo batera gonbidatzen gaitu. Eta aretoa aurpegiz betetzea bizitzarako gonbidapen erradikala bihurtzen da: hau da dagoena, disfrutatu.
Jon Ibalaren pinturak geruzaz osatuta daude: kontraste biziak, gradienteak forma geometrikoetan, ehundurez iradokitako espazioak eta irudi naifak. Damaris Panen pintura gogora ekartzen duen prozedura. Horretatik bi koadro bereizten dira, egurrezko pilareetan, bata besteari bizkarra emanez. Aurrealdean, zehaztugabeko busto batek mespretxuz begiratzen dio gure ezkerrean gertatu den zerbaiti, erretzen ari dela. Atzealdean, gorputz berde bihurritu eta otzan batek pintzelkada-zauri urdin gurutzatuak jasotzen ditu, eta agerian uzten ditu bere organoak.
Mar Torre. Imagen38, orain arte zahartzen doan ezizen bat erabili duena (Imagen 29*, 31*…), bere izenarekin aurkezten da lehen aldiz, eta niaren errebelazio keinu bat egiten du hala, Martin Margielaren antzera. Gauza bera gertatzen da inprimatutako argazkiak tolestuz sortutako bere eskulturetan, beti zerbait uzten baitute atzean; iradokiz ezkutatzean ere beti presente dagoela hori. Eskultura hauek iruditeria generiko bat erakusten dute: selfieak, paisaiak, barrualdeak, kaleak… Irudi lauso eta ikonoklasta bihurtzen da distantziaz begiratuta. Ikonoek, tinta-orban beltzek edo folioaren ertzek (marko geometriko iraunkorrak) garrantzi bera dute. Ezerk ez du ezer menderatzen. Eta orri bat aulki edo mahai baten gainean uztearen keinua indartu egiten da errepikapenaren bitartez. Badirudi eskulturek berezko arau bati jarraituz ordenatzen dituztela bizitzaren zatiak, eta egunerokotasuna banakako estilo ariketa bihurtzen dute.
Julen Garcia Muela, arte kritikaria.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.