'Farra' ikuskizun sarituak beteko du Araiako jaialdia abuztuaren 16an

Erredakzioa 2025eko uztailaren 9a

Arrazpi Berri kiroldegian aurkeztuko dute 'Farra' lana. Argazkia: LUCAS ESCOBEDO

Abuztuaren 14tik 17ra bitartean ospatuko da jaialdia, 'US' eta 'Tot be!' moduko obrekin.

Hilabete eskas geratzen da Araiako Umore Antzerki Jaialdirako, eta lehendabiziko ikuskizunak ezagutzera eman dituzte dagoeneko. Hamaika antzerki konpainia ekarriko ditu abuztuaren 14tik 17ra bitartean, eta Arabako herrietako zirkuitua mantenduko du abuztuan zehar, aurten 25 herritan. 

Jaialdiaren 32. edizio honetan gehien espero den proposamenetako bat Tot be! da, 2024an Sevillako Panorama Circada jaialdiaren sari berezia jaso zuen lana. Ziba tradizionala abiapuntu, jostailu hori leku ustekabeetara eramaten dute ikuskizun honetan, eta fisikak bakarrik mugatzen duen aukeren mundu bat ireki. Geltoki bat, eskailera bat, punteria platerak, sokak, zerrautsa kiloka eta askotariko artisau zibak dira partida hau osatzen duten fitxak. Gainera, abuztuaren 16an, larunbata, 10:30ean konpainiak sarrera libreko peontza-tailerra eskainiko die haurrei.

Kaleko eta barruko ikuskizunak

Kalekoak, Araian antzezteaz gain, jaialdiko zirkuitu ibiltariaren parte izango dira eta Arabako hainbat herritan zehar ibiliko dira; barrukoak, berriz, Araiako Arrazpi Berri kiroldegian soilik ikusi ahal izango dira.

Aurreko edizioan gaueko emanaldiak berreskuratu ondoren, aurten Belgikako Midnight Company konpainiaren US antzezlanaz gozatuko dute Araiako gerturatzen direnek. Bi homo sapiens idioticusen eguneroko bizitza. Gustuko dute arriskuaren atzetik ibiltzea; labanekin bada, hobeto, eta zenbat eta labana gehiago, orduan eta hobeto... Teknologiaz betetako zirku emanaldi garaikide honek ukitu tradizionalak ere baditu: malabarismoa, slapsticka, sukaldaritza japoniarra, flairtendinga eta magia.

Arrazpi Berri kiroldegian ikusi ahal izango diren emanaldien artean Farra izango da, Lucas Escobedo konpainiarena eta Compañía Nacional de Teatro Clásicoren eskutik. Max saria irabazi duen ikuskizun honek gazte eta helduei luzatzen die gonbidapena, taldekideekin batera jaia, ospakizuna, kultura eta komunitatea Madrilen inauteri garaian disfrutatzera. Antzerkiak, zirkuak eta zuzeneko musikak beteko dute Arrazpi Berri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago