Alaitza eta Gazeoko margoak aurkitu zituen Juan Jose Lekuona Sagasti apaiza zendu da ostiralean, 97 urte zituela. Ezkerekotxako bere etxean hil da Lautadako apaiza, eta Aguraingo San Bautista elizan eman diote azken agurra, hileta elizkizunarekin.
Behin behineko ohar batean, Gasteizko Gotzaindegiak nabarmendu du Lekuonak Gazeoko margoek "transmititzen duten mezua" partekatu zituela, eta laster ateratzear dela haren gaineko heriotza ohar garatuagoa.
1967an kare geruza baten azpian zeuden Gazeoko margo gotikoak aurkitu zituen, Rafael de Eulate y Alosekin. 1982an, berriz, Alaitzako margoak azaleratu zituen, antzeko elizak zirenez bertan ere margoak egon ahal zirela sumatuta.
"Alkateari eskailera bat eskatu nion, ea karean atzean zerbait margotuta ote zegoen ikusteko", azaldu zion Lekuonak ALEAri duela hainbat urte. "Labanatxo batekin margoa geruza kentzen hasi ginen, eta zaldi baten burua aurkitu genuen". Ondarearen garrantziaz jakitun, laginketa inprobisatu hori bertan behera utzi eta aldundiko Kultura batzordeari horren berri eman zioten.