Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egin dute ostegun honetan Donemiliagako erakunde publikoek. Okiturriko industrialdea udalerri horretako Egilatz eta Durruma kontzejuen artean dago, eta Donemiliagako Udaleko eta Egilatz eta Durrumako kontzejuetako ordezkariek industrialdeak eragiten dituen kalteak salatu dituzte eta babesa eskatu dute.
Agerraldian azaldu dute salaketa asko jasotzen ari direla industrialdeak inguruan bizi diren pertsonei sortzen dizkien eragozpen eta arazoengatik. "Industrialde honen jarduera nagusia logistika da, eta salgaiak errepidez garraiatzeko enpresa handiak hartzen ditu. Horrek kutsadura, zirkulazio eta segurtasun arazo ugari sortzen ditu", ohartarazi dute.
Kamioiak alboetan aparkatuta
Alde batetik, udaletik ziurtatu dute ibilgailu astunek inguruko trafikoaren erdia baino gehiago suposatzen dutela eta zirkulazioa, istripuak eta larrialdiak asko ugaritu direla. Gainera, Donemiliagako Udalak salatu du Okiturri industrialdetik gertu dauden errepideak ez direla behar bezala zaintzen, eta azaldu dute ehunka kamioik alboetan aparkatzen dutela galtzadaren zati handi bat okupatuz eta bizilagunen ibilgailuei pasatzen uzten ez dietela. Inguruko lurzoruen eta ibaien kutsadura ere salatu dute.
Ainhoa Ibañez de Maeztu Donemiliagako Udaleko zinegotziak adierazi duenez, batzar nagusietara jo dute auzokideen ezinegona adierazteko eta industrialdeak sortzen dizkien eragozpenak eta arazoak konpontzeko edo arintzeko laguntza eskatzeko.