Jazzez beteko da Agurain uztaileko asteburuetan

Erredakzioa 2025ko uzt. 3a, 13:51

Guayaberas Negras taldeak emango dio hasiera jaialdiari ostiralean. Argazkia: GUAYABERAS NEGRAS

Guayaberas Negras taldearekin hasiko da Jazzherrian jaialdia, ostiralean, San Suan plazan.

Jazzherrian jaialdiak hamabigarren edizioari emango dio hasiera, asteburu honetan, Agurainen. Sei proposamen izango dira, estilo desberdinetakoak, Euskal Herritik nahiz kanpotik etorritako taldeekin. Herriko sei plazak beteko dituzte hilaren 4, 5, 11, 12, 19 eta 26an, Aguraingo Udala eta Xabi Guneren eskutik.

Guayaberas Negras Madrileko taldearekin hasiko da jaialdia ostiralean, hilaren 4an, San Juan plazan. Taldea 2011n jaio zen, Luis Fuente gitarra eta Antonio Pax bateriarekin. Proiektua jatorri afroamerikarreko musikan oinarritu zen hasieran, konposizio propioak landuz. "Bluesa, funkya, soula, gospela eta jazza landu dituzte, izaera propioarekin eta musika instrumentalari garrantzia emanez", azaldu dute antolatzaileek. 2024an taldeak planteamendu instrumentalari buelta bat eman zion, eta Juanma Montero abeslaria (Special 20, The 44 Dealers, Cool Criminals, Rollin 'Black Dice) sartu zen proiektuan. Horren ondoren, Rocky Road diskoa argitaratu zuten, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik.

Moises No Duerme

Hasiera kontzertuaren ostean, Moises No Duerme nafarrak hartuko du lekukoa larunbatean, Urbasa plazan. Euskal Herriko hip-hoparen eszenan talde beteranoa da Iruñeakoa, eta ibilbide luzea egina du agertokietan. 2005az geroztik, Raperos de Emaús eta Brindisi Nero taldeetako kide izan da, besteak beste. 2023an, Moisés No Duerme Live Band proiektua aurkeztu zuen; proiektu honek rap eta jazz generoak uztartzen ditu, eta beste estilo afroamerikar batzuetako zertzeladekin zabaltzen du bere soinu paleta. 

Hurrengo asteburuetan, Arima Soul (hilak 11), Arnau & The Honky Tonk Losers (hilak 12), Steve Krase y Los Acapulcos (hilak 19), eta Los Misterios (hilak 26) taldeak izango dira. 19:30ean izango dira kontzertu guztiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago