Neska bat hil da Albeizko tren geltokian, elektrokutatuta

Erredakzioa 2025eko ekainaren 16a

Albeiz pareko geltokian gertatu da ezbeharra. Argazkia: ALPHABET

Beste neska bat ospitalera eraman dute, zaurituta. Lehen zantzuen arabera, tren bagoi batera igotzean jazo da ezbeharra.

Emakume gazte bat hil da gaur Albeizen, lehen zantzuen arabera, Araiako tren geltokiko katenaria batek eragindako kalte elektriko baten ondorioz. 

Ezbeharra 14:00ak pasata jazo da. Lagun batek larrialdi zerbitzuei jakinarazi die bi emakume gazte zaurituta zeudela tren bagoi baten ondoan, Araiako tren geltokian. 

Hara bertaratu dira larrialdietako langileak: Ertzaintzaren patruilak, suhiltzaileak eta osasun langileak. Bertaratutako larrialdi zerbitzuek neskei bizkortzeko maniobrak egin dizkieten arren, gazteetako bat hil egin da azkenean. Beste neska, hainbat lesiorekin, ospitalera eraman dute. Sare elektrikoko tentsioa eten egin dute, bertan arta eman ahal izateko, eta trenbideko trafikoari ere eragin dio neurriak.

Ertzaintzaren arabera, ustez han aparkatuta zegoen tren bagoi batera igo dira gazteak, eta katenaria bateko tentsio elektrikoak harrapatu ditu, baina ezbeharra ikertzen ari dira oraindik.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago