Asteartean inauguratuko dute Patioko Benta

Erredakzioa 2025eko ekainaren 16a

Asteartean irekiko dute Patiko Benta. Argazkia: Barrundiako Udala

Lautadako produktuen erakusleihoa eta turismo bulegoa izango ditu Mendixurreko gune berriak.

Asteartean, ekainaren 17an, irekiko ditu ateak Patioko Bentak, Barrundiako Udalak bultzatutako guneak. Lautadako produktuen erakusleihoa izango da Mendixurreko eraikin hau, eta turismo informazio gunea ere paratu dute bertan."Hala, lehengo bentaren espiritua berreskuratzen dugu, inguruko bizilagunei zein bidean zeuden pertsonei zerbitzua ematen", aipatu du Igor Medina alkateak.

Tradizioa eta modernitatea batzen ditu espazio berriak, eta bertako produktuak sustatzea du helburu, Arabako Lautadarako sarrera gisa. Produktuen txokoarekin batera, gainera, online erosi diren produktuak jasotzeko takila adimendunak ditu. Armairu horietako bi hoztuta egongo dira, produktu freskoak kontserbatu ahal izateko. Hori guztia espazio zabal batekin batera, bertakoen eta bisitarien topagune izango dena.

Guztira, Barrundiako Udalak 910.000 euro inbertitu ditu proiektuaren lehen fase honetan. Inbertsioaren zati handi bat Europako Next Generation funtsekin finantzatu da, eta Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu dute finantzaketan.

Bigarren fasean erabilera anitzeko gela bat egokituko da erabiltzen ez den ondoko nekazaritza- biltegian. Bertan, biltegi txiki bat ere egongo da. Proiektu hau 2018an hasi zen, Barrundiako Udalak lurzatia eta bere eraikinak erosi zituenean, zerbitzuak eskaintzeko eta jarduera eta enplegua sortzeko asmoz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago