Hizkuntzaren erabilera sexista saihesteko kuadrillen foru araua aldatzeko eskatu du Lautadak

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 22a

Batzar Nagusietan aztertuko dute Lautadak proposatutako aldaketa. Argazkia: BBNN

Foru arauaren gaztelerazko bertsioan batzarkideak eta presidenteak aipatzen dira soilik, denak gizonak izango balira bezala.

Kuadrillen foru araua berrikusteko eskatu die Arabako Batzar Nagusiei Arabako Lautadako Kuadrillak, hizkuntzaren erabilera sexista saihesteko. Maiatzaren 19an egindako azken bilkuran onartu zen foru arauaren artikulu guztiak aldatzeko eskatzea, idazketa hizkera ez sexistara egokitzeko.

Horren adibide gisa, Lautadako Kuadrillak aipatu du gaztelerazko bertsioan, batzarkideak eta presidenteak aipatzen direla soilik, denak gizonak izango balira bezala. "Errealitateak, aldiz, adierazten du gaur egun batzordeen osaeraren %50 emakumeak direla".

Gustavo Fernandez Villate Lautadako presidenteak gogorarazi duenez, "administraziook hizkuntza mota guztiak modu inklusiboan eta ez sexistan erabili behar ditugu, eta genero rolak eta  estereotipoak indartuko dituzten adierazpenen erabilera saihestu behar dugu; azken batean, emakumeen ikusgarritasuna eta aitortza ziurtatu behar da eremu guztietan".

Mahaiburu zaharrena, lehena

Bestalde, foru arau horri beste aldaketa bat ere egiteko eskatuko du Lautadako Kuadrillak, berdinketa gertatuz gero mahaiburua hautagai zaharrena ez izateko. Izan ere, foru arau horren artikuluetan jasotzen denez, berdinketa gertatuz gero, mahaiburua hautagai zaharrena izango da.

"Anakronismoa dela uste dugu", esan du presidenteak, eta proposatu dute berdinketa alkatetzen hautaketan egiten den bezala konpontzea eta kuadrilla osatzen duten udalerrietako botoak batuta herritarren boto gehien lortu dituen aukera politikoa ordezkatzen duen batzarkideari ematea lehendakaritza.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago