Aparkaleku berri bat izango du Zumarraundik

Erredakzioa 2025eko apirilaren 24a

Lau hilabetetan amaituko dituzte aparkalekuko lanak. Argazkia: AFA

Urtean, 100.000 lagunek baino gehiagok erabiltzen dute eremu hori.

Aizkorri-Aratz parke naturalerako sarrerak aparkaleku berri bat izango du Zumarraundin, Zalduondon, urtean bertatik igarotzen diren 100.000 mendizaleentzat. Hurrengo asteetan hasiko dituzte lanak Las petroleras plataforma zaharrean aparkatzeko eremua egokitzeko. 

"Helburua aparkalekuak antolatu eta edukiera mugatu ahal izatea da, Azkorri-Aratz parke naturalera etortzen den jende kopurua erregulatu ahal izateko. Horrek naturaguneen kontserbazioa eta babesa hobetzea ekarriko du, ingurune natural hori bisitatzera hurbiltzen direnen erabilerarekin eta gozamenarekin bateragarria izan dadin", nabarmendu du Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak.

Azkorri-Aratz parke naturalerako, gainera, beste egitasmo batzuk aurreikusten dituzte; hala nola mendiko babeslekuak egokitzea, Ajuria-Urigoitiko industria ondarearen balioa nabarmentzea, atsedenlekuak eta txirrindularitza transferentziarako eremuak. "Horren guztiaren helburua inguru horretako jarduera ekonomikoa bultzatzea da, eta lurraldearen natura ondarearekin bateragarria izatea", azaldu du Zaratek.

Lanen aurrekontua 98.835,16 euro da (BEZa barne), eta lau hilabeteko epean gauzatuko dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago