Madrilgo Cañaveras Solar enpresak udalerrian eraiki asmo dituen bi parke fotovoltaiko arbuiatu ditu Aguraingo Udaleko osoko bilkurak asteon. Besteak beste, balio estrategiko handiko nekazaritza lurra okupatuko lukeela adierazi dute.
Enpresari berari eskatu dio udal gobernuak balio estrategiko handia duten nekazaritza lur horiek errespetatzeko, eta herrietatik gutxienez 500 metroko tartea har dezala, legeak agintzen duen moduan. Alta, "oraingoz bere asmoekin jarraitzen du enpresak udalak egindako eskaerei jaramonik egin gabe".
Cañaveras Solar S.L. Madrilgo enpresak bi instalazio fotovoltaiko eraikitzeko asmoa du Agurainen. Horietako bat 15,75 MWko potentzia duen instalazio fotovoltaikoa da, 21.720 panel izango ditu, eta 22,22 hektarea hartuko ditu, horietako 14 balio estrategiko handiko nekazaritza lur gisa kalifikatuak. Bigarren proiektuak 30,9MWko potentzia instalatua du, eta 50 hektareako okupazioa gaindituko luketen 48.960 eguzki plaka ditu.