Apirilaren 1etik aurrera Ixona eta Trokoniz herriek lotura zuzena izango dute Gasteizekin, 7A linea berriaren bitartez. Linea honek astelehenetik ostiralera zazpi bidaia eskainiko ditu noranzko bakoitzean, eta bost bidaia larunbat, igande eta jaiegunetan.
Diputazioak iragarri duenez, aldaketak egongo dira Alavabuseko lineetan. 6. linean, "bide segurtasun arazoak direla eta", Ixonako eta Trokonizko geralekuak kenduko dira. Horrez gain, Santikurutze Kanpezutik irteten den lehenengo bidaia 5 minutu aurreratuko da (6:45ean). 7. linea, berriz, bi lineatan banatuko da: 7A —Ixona eta Trokoniz Gasteizekin lotuko dituena— eta 7B —beste herri batzuk lotuko dituena—. Bestetik, aldundiak iragarri du 8B, 9A eta 9B lineetan ordutegiak aldatuko direla, "herritarren eskaerak" kontuan hartuta.
7A linearen geralekua Gasteizen Madril kalean egongo da, eta Ixonako eta Trokonizko geralekuak aldatu egingo dira. Honako herriak egingo ditu: Dulantzi, Azilu, Erentxun, Egileta, Ixona, Trokoniz, Añua, Gazeta, Burgu eta Gasteiz. 7B lineak beste hainbat herri lotuko ditu Ozeta, Dulantzi, Burgelu eta Azilurekin. Ohi bezala, ordutegiak eta ibilbideak alavabus.eus webgunean kontsulta daitezke.