Orain arteko euskara plana agortuta, 2025-2029 epealdirako Euskara Plan Estrategikoa diseinatzeko prozesua abiatu du Aguraingo Udalak, eta herritarren parte hartzea eskatu du horretarako, herrian euskarak daukan egoera aztertu eta aurrera begirako estrategia pentsatu nahian.
Lehen pausorako, galdetegi bat zabaldu eta betetzera deitu ditu Aguraingo herritarrak. "Herritarren ahotsa izango da plan berriaren oinarria", hala adierazi dute udaletik. Hamar minutuan erantzun daiteke galdetegia, eta euskaraz zein erdaraz bete daiteke, erdaldunak ere euskararen egoeraren parte diren heinean.
Udalerriko euskararen egoera zein den ikusi nahi dute galdetegiarekin, eta hortik abiatuta etorkizunean nora heldu nahi duten pentsatzeko. Horretarako, herritarren iritziak jaso nahi izan dituzte, euskararen erabilera bultzatzeko ekintza baloratzea eta hobetzeko proposamenak egitea eskatuko diete, eta euskararen aldeko eragile aktiboak identifikatu nahi dituzte.
Nondik gatoz, eta nora goaz?
Bi fase izango ditu Euskara Plan berria diseinatzeko prozesuak. Galdetegiarekin "Nondik gatoz?" galderari erantzungo diote, eta aurreko planaren balorazioa egingo dute. Galdetegiaz gain, herritar batzuekin elkarrizketa xeheagoak egingo dituzte, eta Aguraingo datu soziolinguistikoen bilketa egingo da, hizkuntzaren egoera zehatza zein den jakiteko. Guzti horiekin diagnosia egin ahal izango dute.
Ondoren, "Nora goaz?" fasea abiatuko da, eta parte hartze mahaiak izango ditu ardatz. Herritar guztiek izango dute aukera bertan bildu eta proposamenak egiteko, gako nagusiak identifikatzearekin batera. Urtarrilaren 22, 28 eta 29an, eta otsailaren 5 eta 12an izango dira saioak, udaletxean bertan. Bilkurak amaitu ondoren, martxoan, parte hartzaile guztiak azken saio batean bilduko dira, jasotakoen inguruko iritziak entzuteko eta planarentzat azken ideiak proposatzeko. "Aguraindar guztien hitza entzunda" diseinatuko dute hala datozen urteetarako Aguraingo Euskararen Plan Estrategikoa.