Iruraiz-Gaunak udal finantzaketa eguneratzea eta handitzea eskatu du

Erredakzioa 2024ko abe. 4a, 11:04

Iruraiz Gaunako udalbatzak finantzaketa handitzea eskatu du. Argazkia: ALEA

Udalak mozio bat onartu du, Arabako Foru Aldundiari FOFELen foru araua aldatzeko proposamena sei hilabeteko epean aurkezteko eskatuz.

Iruraiz-Gaunako Udalak mozio bat onartu du, toki erakundeen finantzaketa eredua eguneratzeko beharra adieraziz eta Arabako Batzar Nagusiei Toki Erakundeen Finantzaketa Funtserako (FOFEL) dituen baliabideen ehunekoa handitzeko eskatuz. Ekimen honen helburua da "Arabako kontzeju, udal eta kuadrillen finantzaketa ahalik eta bidezkoena, nahikoa eta beharrezkoena izango dela bermatzea, gizartearen egungo erronka handiei erantzun ahal izateko".

Mozioan, Arabako Foru Aldundiari eskatzen dio udalak sei hilabeteko epean aurkez dezala FOFELen foru araua aldatzeko proposamen bat, 2018an garatu zen ponentziaren ondorioetan oinarrituta. Horrez gain, eguneratze prozesu horretan toki-erakundeak kontuan hartzea eskatzen da, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde mailen eskumen propioen eta finantzaketaren azterketa orokorrari buruzko dokumentua berrikustea.

Iratxe del Barko Iruraiz-Gaunako alkateak gogorarazi duenez, azken hamarkada hauetan onartutako legeen bitartez toki entitateek "gizarte behar berrietatik sortutako zerbitzu eta eskumenak hartu ditugu". Hala ere, Arabako toki-erakundeen finantzaketa arautzen duen araua ez da eguneratu 27 urtean. "Gizartearen digitalizazioak, trantsizio ekosoziala, erronka demografikoak eta zaintza beharrek, adibidez, finantzaketa tresnak eta sistemak eguneratzea eskatzen dute ezinbestean", nabarmendu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago