Aguraingo Udaleko Osoko Bilkurak 2025 urterako kontuak onartu ditu aho batez, EH Bilduren eta EAJren botoekin. Guztira, aurrekontua 12 milioi eurokoa da, hau da, aurreko ekitaldiko hasierako aurrekontua baino % 22,6 gutxiago. Jaitsiera horren arrazoi nagusia da kiroldegia birgaitzeko lanen kontsignazioa 2024ko kontuetan kontabilizatzen dela. 2025. urterako aurrekontuak 623.628 euroko aurrezki garbia du.
Aguraingo alkate Raul Lopez de Uraldek azaldu duenez, "proiektu asko ditugu martxan, baina gure lehentasunak etxebizitzan, zaintzan eta trantsizio energetikoan kokatzen ditugu; zehazki, 2025ean, kirol gune berriaz gain, gazteentzako alokairu sozialeko 13 etxebizitza ere eraikiko dira, Bustamante jauregian, Harresi auzoan kokatuko den adinekoentzako Eguneko Arretarako Landa Zentro berria eraikiko dugu eta biomasaren bidezko bero sarea ere martxan jarriko dugu, ur beroa eta berogailua emango dituena eskola eremura eta osasun zentrora".
2025erako kontuek beste partida berri batzuk jaso dituzte, hala nola Senda Langarika plaza (1.009.275 euro) eta Magdalena auzoa (551.600 euro) urbanizatzeko lanak, biak ere aldundiaren Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren bidez finantzatuak, edo hiri baratzeak sortzeko lanak (182.000 euro), Biodiversidad Fundazioak finantzatuta.
EAJko bozeramaileak onartu du 2025eko aurrekontuak bere taldeak aurkeztutako 29 zuzenketetatik zazpi jasotzen dituela. Besteak beste, pertsona kalteberentzako jantoki sozial bat martxan jartzea, Zaporeak elkarteari diru laguntza ematea, 100.000 euro bideratzea bidegorri sare bat abiarazteko eta 30.000 euro plaza publiko bat betetzeko proiektu bat idazteko.