19 urteko gazte bat atxilotu dute Agurainen, sexu erasoa eta lesio delitua egotzita

Erredakzioa 2024ko aza. 27a, 12:53

Astelehenean bertan kalera atera ziren herritarrak indarkeria matxistaren kontra. Argazkia: ALEA

Urruntzeko agindu judizial bat urratzea leporatu dio Ertzaintzak gizonari, eta epaitegiaren esku utzi du gaur.

Ertzaintzak 19 urteko gazte bat atxilotu du astearte goizean, Agurainen, bikotekideari sexu erasoa egitea egotzita. Gazteari, gainera, beste lesio delitu batzuk eta urruntzeko agindu judizial bat urratzea leporatu dizkiote, Ertzaintzak azaldu duenez.

Biktima ospitale batean artatu behar izan dute; eta atxilotua Gasteizko Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiaren esku utzi dute gaur.

Ertzaintzaren aurrean aurkeztutako salaketaren arabera, erasoak astearte goizaldean jazo ziren, Arabako Lautadako herri batean. Emandako informazioaren arabera, emakume gazte bat lesio delituen, sexu erasoen eta urruntze agindua urratzearen biktima izan zen. Astearte goizean bertan, ertzainek ustezko egilea aurkitu eta atxilotu zuten Agurainen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago