Nolakoa da zure eguneroko lana?
Goizetan tabernetako errepasoa egiten dut, baina sozietateena ere. Gero, eguerdian, etxez etxeko banaketa egiten dut. Bien bitartean, Begoña [Garcia Castro] emaztea geratzen da, eta berak artatzen du denda. Zer motako ardoa banatzen duzue? Urteko askotariko ardoak izaten ditugu: Errioxakoak, Verdejo, Nafarroako ardo gorria, Lanbrusco, Moscato..., baita freskagarriak ere.
Zer izan da zailena urtea hauetan?
Prezioagatik borrokatzea. Prezio altuarekin ateraz gero, ez duzu salduko; eta marka handien aurrean ezin gaitezke aritu. Izan ere, zenbait lekutan produktu horiek guk ordaindutako prezioan baino merkeago saltzen dituzte, eta horrela ez dago lehiatzerik. Bestelako kanalak bilatu behar ditugu, eta, horrela, gure burua zertxobait babesten ahalegintzen gara. Marka handiekin lehiatzerik ez dugunez —batez ere freskagarri edo garagardoekin—, ardoekin saiatzen gara bereizten. Esklusibak eskuratzen saiatzen gara, eta hor badugu lehiatzeko zirrikitu bat. Produktu ona eskaintzea, saltoki handietan ez dagoena. Ardoa gero eta gutxiago saltzen da, baina, erosi behar duenean, jendea guregana jotzen du.
Eta gauza politena?
Bezero berri bat lortzea. Atsegin handiz jasotzen duzu, zerumuga pixka bat irekitzen zaizu, eta saiatzen zara bezero hori ondo zaintzen. Beste gauza garrantzitsua da edozein merkatu eskaintzara irekita egotea. Herrietako jaietara produktuak eramaten ditugu. Garraio kostuak kalkulatu behar dira, noski, baina beti saiatzen gara baiezko erantzuna ematen.
Erretiroa hartzear zaude, ezta?
Iazko abenduan hartzea egokitzen zitzaidan, baina Begoñari oraindik bost urte falta zaizkio hartzeko. Beraz, osasun ona mantenduz gero, luzatzen saiatuko naiz. Bestela, itxi beharko dugu. Pena pixka bat ematen du bizitza osoko negozioa uzteak.
Norbaitek hartuko al dizue erreleboa?
Ezezkoan nago. Iloba batek inoiz lagundu gaitu, baina ez nion gogorik ikusten negozioa hartzeko. Alabek ere beren bizitza propioa dute. Uste dut Jaurlaritzak planaren bat duela erreleboak sustatzeko, eta hori, badaezpada ere, begiratu beharko dugu.
Oraindik ba al dago etxean ardoa eskatzen duen jenderik?
Egia esanda, gero eta gutxiago dira, erosteko ohiturak aldatzen ari direlako. Gainera, saltoki handiek merkatu asko kentzen digute.
Gainera, ardo kontsumoa ere beherantz ari da...
Orain gehiago kontsumitzen da ura edo garagardoa... eta esnea ere banatzen dugu, osagarri gisa. Baina hor mantentzen gara, erraldoi hauen guztien aurrean bizirauten saiatzen.