Zerk eraman zintuen negozio hau abiatzera?
Hamasei urte nituenetik okindegi artisauetan lan egin dut. Agurainera bizitzera etorri nintzenean, konturatu nintzen ez zegoela etxean egindako ogirik, eta dena zela aldez aldetik fabrikatutakoa; izoztutakoa. Nik neuk, maila pertsonalean, kalitatezko ogia bilatzen nuen, eta ez nuen topatzen. Hortaz, 2013tik okindegi propio jartzeko ideiarekin ibili naiz. Frankizia bati lotzeko aukera eman zidaten, haiek laguntza ematen dizute eta... Baina nik ogia unean bertan egitea nahi nuen, modu artisau batean. Asko kostata ere, azkenean, lortu dut okindegia irekitzea.
Zer da gehien kostatu zaizuna? Finantzazioa, agian?
Ez, bereziki. Lokalak duen kostua ordaindu behar da, baina zailena lokal egokia aurkitzea izan da: kerako aterabidea duena, eta osasun agintariek jartzen dituzten baldintzak betetzen dituena.
Etorkizunari begira, ideiaren bat al duzu?
Lehen unetik bertatik, benetan, nire ametsa izan da okindegiaren lantegitik zerbitzu ona ematea, hori baino ez. Momentuz ez dut luzera begirako beste egitasmorik, lanean bakarrik ari naizelako.
Lan gogorra al da?
Oso gogorra. Baina, tira, indarra ematen didan bakarra da labetik ogi eta opil gozoak ateratzen direlako ikustea
Aholkularitzaren bat jaso al duzu?
Bai. Hau martxan jarri baino lehen, Lautada Landa Garapena-k bultzatutako emakume ekintzaileen talde batean egon nintzen, Dulantzin. Hainbat hilabetez egon nintzen bertan duten sukalde batean. Hor hainbat ogi mota prestatu nituen, eskari bidez.
Oso denbora gutxi daramazu irekita, baina, orain arte, nolakoa izaten ari da kontsumitzaileen harrera?
Ezin naiteke batere kexatu. Izan ere, ireki nuen lehen egunetik jendeak ondo erantzun du. Egunen arabera, bezero kopurua aldatzen da, noski, baina denbora eman beharra dago, jendeak okindegia ezagutu arte. Bestetik, oraindik ere badago jendea ez dakiena okindegian erosi duen produktua nik neuk egindakoa dela. Produktu freskoa dela, ore masarekin eta legamia gutxirekin egindakoa, hain zuzen. Baina denboraren poderioz, gero eta jende gehiagok produktua ezagututa, orduan eta gehiago etortzen dira. Baina, tira, pazientzia izan behar da oraindik.
Ogiaz gain, opilak eta horrelakoak saltzen dituzu?
Baita horiek ere. Dena den, zaila da, lanean bakarrik nabilelako. Horregatik, gauzei neurria hartzen diedan ekiten diet. Hainbat ogi mota egiten ditut: hostorea, olio opila, irina berezi eta ekologikoak dituztenak... horietako batzuk eskari bidez egiten ditut, eta beste batzuk egunero egiten ditut.