Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko ekinaldia antolatu dute Barrundian

Erredakzioa 2024ko aza. 22a, 15:01

Auto karabana eta ekitaldia egingo dute igandean.

'Ez Barrundian ez inon, eraso matxistarik ez' lelo hartuta, auto karabana eta ekitaldia egingo dituzte igandean.

Ez Barrundian ez inon, eraso matxistarik ez goiburu, hamaika eragilek babesa eman diote eskualdeko mugimendu feministak abiarazi duen kanpainari. Udalerriko emakumeen aurkako indarkeria eta mugimendu feminista jasaten ari den jazarpena gaitzetsi dute manifestu batean, eta hori ezagutzera emango dute igandean, hilaren 24an; auto karabana bat antolatu dute, 12:00etan, eta ostean ekitaldia egingo dute Ozetako kiroldegian.

"Azken hilabeteetan, Barrundiako Udalak sustatutako eta ordaindutako kanpainetako kartelak zakarrontzira nola botatzen zituzten ikusi dugu. Mugimendu feministak indarkerira sexistaren aurka jarritako zapi, bandera edo sinbolo oro desagertu egiten da", salatu dute ohar batean. "Barrundiako herritarren aurkako jazarpena agerikoa da, eta nekatuta gaude gure herrietan ez direlako errespetatzen ez pertsonak, ez denok ordezkatzen gaituzten ikur feministak".

Ez Barrundian ez inon, eraso matxistarik ez taldeko kideek indarkeria mota guztien aurka borrokatzeko "konpromisoa" berretsi dute, herrietan indarkeriarik eta jazarpenik gabe bizi ahal izateko: erasoak salatuz, biktimei lagunduz, indarkeriaren aurrean aurpegia emanez eta etorkizuneko belaunaldiei berdintasunarekiko errespetua transmitituz. "Guztiok aurre egin behar diogu gure gizartea pobretzen duen indarkeria matxistari. Indarkeria matxista ez da gai pribatu bat, zero tolerantziarekin aurre egiten zaion arazo sozial bat da". 

Manifestu honen bidez, sinatzaile bakoitzak "konpromiso irmoa" hartzen du, emakumeek gizarte honetan pairatzen dituzten indarkeria adierazpen guztien aurka borrokatzeko, "indarkeria erabiltzen duten guztiei gaitzespena adierazteko, aldaketa soziala sustatzeko, matxismoaren aurrean tolerantziarik ez izateko eta gure isiltasunarekin konplize ez izateko". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago