Basterretxearen 'Araba' eskultura Araiako sarreran kokatuko dute

Erredakzioa 2024ko aza. 6a, 15:24

Aratz mendian galduta aurkitu zuten 'Araba' eskultura.

Asparreneko Udalak Nestor Basterretxearen Araba eskulturaren kokapen berriaren inaugurazio ekitaldia egingo du larunbat honetan, azaroaren 9an.

2021eko maiatzaren amaieran berreskuratu zuten Araba eskultura, Aratz mendian desagertu zenetik hogei urte baino gehiago igaro ostean. Orain, Santsaerreka kaleko obrak amaitu direnean, Ilarduibide kalearekin bat egiten duen lekuan jarriko da. Familiak eta Asparreneko Udalak berak aukeratu dute Nestor Basterretxea eskultore ospetsuaren obraren kokapena.

Toki hori Araia herriaren sarreran dago, hain zuzen herrira sartu edo herritik ateratzen den edonork nahitaez igaro behar duen bidegurutzean. Gainera, Aratz mendiaren gailurra ikus daiteke bertatik, eskultura horren hasierako kokalekua. "Horrela, herritarrek eta bisitariek gozatu ahal izateaz gain, Arabak lehen habia eman zion mendiarekin lotuta jarraituko du", azaldu du Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak.

Inaugurazioa, 2024an, Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko egiten ari diren ekitaldien programaren barruan dago. Goizeko 11:30ean hasiko da, eta bertan eskultorearen familia, udal agintariak eta Bermeoko artistaren lan honen bidaia misteriotsuan parte hartu duten pertsona guztiak elkartuko dira.

Ondoren, 12:15ean, udaberrian Araba eskulturaren inguruan antolatu zen kontakizun lehiaketaren sariak banatuko dira Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan. Ipuin irabazleak, euskara, gaztelania, gazte eta lokal modalitatean, Asparreneko Udalaren webgunean daude ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago