Indarkeria matxistaren biktimak elkartzeko eta ahalduntzeko Lautadako gunea sortu du kuadrillak

Erredakzioa 2024ko aza. 4a, 09:17

Agurainen kokatuko da zerbitzu berria. Argazkia: AGURAINGO UDALA

Indarkeria matxistaren biktimei eta bizirik atera direnei laguntzeko eskualdeko programa aitzindaria martxan jarri du Lautadako Kuadrillak. Ekainetik irailera arte artatuko dituzte emakumeak, Agurainen.

Programa  aitzindaria martxan jarri du Lautadako Kuadrillak, indarkeria matxista jasan duten eskualdeko 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta. Programaren barruan emakumeen talde saioak antolatuko dira, ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatzeko. Halaber, doako lege aholkularitza emango zaie biktimei; eta erakundeen eta udalerrien laguntza instituzional publikoa ere eskainiko da, biktimek hala eskatzen badute.

Arabako Lautadako Kuadrillako Gizarte Zerbitzuekin edo Berdintasun Zerbitzuarekin harremanetan jarriz eskuratu ahal izango da programa hau.

Ahalduntze saioak

Kuadrillak berri eman duenez, indarkeria matxistaren biktimei eta bizirik atera direnei zuzenduriko ahalduntze saioak gizarte hezitzaile batek eta psikologo batek dinamizatuko dute. Biek berdintasunean prestakuntza eta esperientzia handia dute, eta Sortzen aholkularitzako kideak dira. Era berean, banakako saioak ere eskainiko dira, berdintasunean prestakuntza duen psikologo batekin.

Gainera, programa horren bidez, talde psikosozial bat sortuko da, harrerako lana, eustekoa, emozioak erregulatzekoa, gertaera traumatikoak prestatzekoa eta haien hutsuneak eta zailtasunak aitortzeko. Programan parte hartzen duten emakumeen banakako eta taldeko eraldaketa eta ahalduntzea ahalbidetuko duten tresna zehatzak ere eskaini nahi dira.

Zerbitzu berria ekainetik irailera arte izango da martxan, Agurainen. Halere, Aguraingoak ez diren emakumeei zuzendutako garraioa egongo da, kuadrillako beste udalerrietatik joateko; eta haurtzaindegia zerbitzua emango dute.

Gustavo Fernandez Villate kuadrillako lehendakariak gogoratu duenez, zerbitzu berriaren helburu nagusia da "indarkeria jasan dutenak indarkeria-egoera hauetatik atera daitezkeela erakustea; erreparazio prozesuaren bidez, kalitatezko arreta integrala bermatuz, biktimak prozesu horietako eragile nagusitzat eta eskubide osoko subjektutzat hartzen dituen ereduan oinarrituta".

Kuadrillatik adierazi dutenez, eskualdeko mugimendu feministarekin eta tokiko emakumeen elkarteekin koordinatuko da zerbitzua.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago