XX. mendearen bigarren erdialdean Lautada eta bertako jendearen kronista grafikoa izan zenari, Vicente Lopez Martinezi (1918-2001), omenaldia egin diote etxean, Dulantzin, eta haren argazki esanguratsuenak bildu dituzte Lautadako kronista. Vicente López erakusketan. Micaela Portilla kultura etxean izango da, azaroaren 22ra arte.
Vicente Lopez argazkilaritzan hasi zen, Alberto Schommer Koch argazkilari ospetsuaren estudioan, eta prentsa korrespontsal izatera iritsi zen hainbat egunkaritarako, hala nola Norte Exprés, La Gaceta, El Pensamiento Alavés eta Donostiako La Voz de España egunkarietarako. Gainera, 1940ko eta 1980ko hamarkaden artean milaka gizon eta emakume gazte eta heldu jaso zituen bere kamerarekin, Dulantzin –bertan bizi izan zen– eta inguruko herrietan egindako gertaeren argazkietan agertzen direnak.
Erakusketan bere biografia azaltzen dute, eta lau atal tematikotan banatuta dago, landa bizitzari, emakumeari, kirolari eta jaiei buruzko ehunka irudirekin. Horrez gain, hainbat pertsonen erretratu sorta batekin. osatu dute.
Vicente Lopezen bilduma, 30.000 argazki negatibo baino gehiago dituena, Arabako Foru Aldundiari eman zioten dohaintzan 2014an bere seme-alaba Iñakik eta Begoñak, eta Arabako Artxiboan gordetzen da. Bildumaren zati bat Photo-Araba atarian kontsulta daiteke, hemen: Lautadako kronista.