Agurainek diru laguntzak emango ditu lokalen alokairua sustatzeko

Erredakzioa 2024ko ira. 24a, 09:17

Aguraingo kale nagusia, hirigune historikoan. Argazkia: Aguraingo Udala

Hirigune historikoan hutsik dauden lokaletan jarduera ekonomikoa sortu dadin hartu dute neurria. Alokairuaren erdia ordainduko du udalak.

Aguraingo Udalak iragarri du 10.000 euro erreserbatu dituela lokalen alokairua sustatu asmo duten diru laguntzak emateko. Hirigune historikoan dauden lokalei eragingo die neurriak, bertako komertzioa biziberritzea lehentasuntzat jo baitu alkateak.

Dirulaguntza jaso nahi dutenek urriaren 31ra arte izango dute eskaera aurkezteko epea Aguraingo Udalean, eta bateragarria da beste laguntza mota batzuekin. Hutsik dauden lokalak alokatzean, hilabeteko alokairuaren erdia hartuko du udalak dirulaguntzarekin, 300 eurora arte gehienez, eta hamabi hilabetez emango du laguntza. 10.000 euro bideratuko ditu udalak laguntzotara, baina kopurua handitzeko aukera ere badutela adierazi du, beharrik balego.

Aguraingo, eta bereziki hirigune historikoko jarduera ekonomikoa sustatzeko asmoz hartu du neurria udalak. Jarduera ekonomiko berriek jaso ahal izango dute laguntza, salbuespen batzuekin, gutxienez urtebeteko errenta kontratua badute eta kaletik sarbide zuzena baldin badago alokatutako lokalera. Ezingo dute laguntza jaso ostalaritzak, vending makinek, merkataritza gune handiek, banku edo kutxek, apustu etxeek edo tabakoa edo erregaiak saltzeari lotutako jarduerek.

Diru laguntza jasotzeko gutxienez urtebetez mantendu beharko dute lokala zabalik, dirua itzuli beharko dute bestela. Udalerrian beste establezimenduren bat dutenek ere jaso ahal izango dute laguntza, ez badute aurrez daukaten establezimendua ixten, jarduera berriak laguntzekoa baita proposamena.

Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak azpimarratu du lehentasuna dela alde zaharra garatu eta dinamizatzea. Horretarako ondu dute komertzioa biziberritzeko plan berezia, eta plan horren barruan kokatzen da lokalen alokairua laguntzeko neurri hau.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago