"Gure elikadura baserritarren esku egon dadila eta ez multinazionalen menpe". Lelo horrekin aurkeztu du Bachue elkarteak larunbat honetarako antolatu duten topaketa. Euskal Herriko nekazarien errealitatea ezagutzeko aukera izango da, baita Latinoamerikakoena ere, eta elikaduraren ekoizpenaz hausnartzeko parada eskainiko dute Zalduondon.
Eguerdiko egitaraua prestatu dute, 12:00etatik 16:00etarakoa, bazkaria barne. Zalduondoko Zeledon Toki txokoan izango da topaketa.
Ehne Bizkaia nekazarien sindikatuko kideak izango dira bertan, eta lehen eskutik kontatuko dute nekazarien egoera. Etorkizunera begirako estrategiez hausnartzeko ere balioko du topaketak.
Bestalde, Bionekazaritza eta Bide bidean ere izango dira Zalduondon larunbatean. Bi denda hauek dute helburutzat lan baldintzak bermatzea nekazariei zein ekoizpen prozesuan parte hartzen duten langile guztiei. Bachue elkartetik ere lankidetza hitzarmenak dituzte bidezko merkataritza sustatzen duten elkarteekin, eta Fair Trade zigilua bultzatzen dute horretarako.