Burgeluko Antzinako Tomatearen III. Azoka izango da igande honetan, irailaren 15ean, Burguko Landederra kiroldegian. Goiz osoan zehar haur zein helduentzako ekintza ugari antolatu dituzte, erakusketa, hitzaldiak, tailerrak eta beste. Inguruko ekoizleen azoka ere izango da bertan.
10:30etan abiatuko da jaia, ordu horretan zabalduko baitute azoka. Azokarekin batera, tomateen erakusketa egongo da, eta beren tomateak erakutsi nahi dituztenek 10:00etarako eraman beharko dituzte, erakusketa prestatzeko. Ordu berean, Euskadiko Hazien Sareak hitzaldia emango du, tomatearen historia eta barietateen inguruan, eta bertako barietateak ereiteko tailerra ere eskainiko dute.
Ondoren, kiroldegian izango dira zapore ekologikoaren laboratorioa, "tomate faltsuarekin" egindako plater bat prestatzeko tailerra eta dastatzeko aukera, tokiko tomateen laborea eta kontserbazioa ezagutzeko tailerrak eta beste hainbat ekintza.
Txikienek ere gozatu ahal izango dute antzinako tomateen azokaz. 11:00etan hasita, naturari buruzko margo tailerra, tomate hazien tailerra eta Humus gara kontzertua izango dituzte, espresuki haientzako pentsatuta.
Sari eta opariak ere izango dira Burgun. Parte hartzaileen artean saski bat zozkatuko da, bertako produktuz betea. Bestalde, bertaratzen diren guztiek antzinako tomatearen hazia jasoko dute.