Lautadan diseinu grafikoa, editoriala eta web zerbitzuak eskaintzen dituen kooperatiba da Tarteka Media. Proiektua duela hamar urte abiatu zen, Karlos Perez de Muniain bazkideak azaldu duenez. Bi lagunen artean abiatu zuten kooperatiba izaerako proiektua, eta coworking moduko espazio bat martxan jarri zuten, ikusi zutelako Lautadan arlo horretan hutsune bat zegoela.
INPRENTA EDO EDIZIO LANAK, ALDIZKARIAK, PUBLIZITATEA EDOTA WEB DISEINUA ESKAINTZEN DITUZTE
"Espazio honetatik hainbat profesional igaro dira hamar urte hauetan", gogora ekarri du Perez de Muniainek. Une honetan, lau lagun ari dira bertan: pertsona bat, coworkingerako gunea erabiltzen duena, eta kooperatibako egungo hiru kide. Proiektura batu den hirugarren lagun horrek, hain justu, coworking espazioa erabiltzen zuen, kooperatibara batu baino lehen.
Pozik dago bazkidea, aurten hainbat proiektu eta kontratu lortu dituztelako, eta horrek ahalbidetu dielako hirugarren pertsona hori lanean jartzea. Besteak beste, inprenta edo edizio lanak, aldizkariak, publizitatea, seinaletika, web diseinua edota hainbat udaletako webguneen kudeaketa egiten dute. Lan andana izanik ere, enpresa txiki askok duten arazo berdina dutela aitortu du Perez de Muniainek. "Desoreka handia dago lan zamaren eta diru sarreren artean, eta hori orekatzen asmatu beharko dugu".
Dena dela, eta enpresa izanik ere, hasieratik argi izan zuten eskualdeko eragileekin lan soziala ere egin nahi zutela. "Urte bakoitzean eskualdeko elkarteekin pare bat proiektu doan egiten ditugu". Esate baterako, Euskaraldia abiatu aurretik eskualdean egin zen 75 ordu euskaraz proiektuarekin kolaboratu zuten. "Arlo soziala gure proiektuaren zutabe oso garrantzitsua da", berretsi du Perez de Muniainek.
Proiektu andana
Lautadako erakunde publikoekin sarri egiten dute lan. "Esango nuke instituzioek erreferentzia bezala gaituztela", gaineratu du. Baina arlo pribatuan ere bezero txiki asko dituzte. "Adibidez, guregana jotzen dute hainbat tabernek ekintza kulturalak zabaldu behar dituztenean, edo lan egiteko arropak, menu kartak eta abarrekoak diseinatu behar dituztenean". Web arloari dagokionez, lana asko handitu zaie, eta bezero sorta zabala lortu dute. Jose Saramago fundazioarena edota artisten kudeaketa egiten duen ACM Concerts agentzia dira horietako batzuk. Edozein produktu azkar egin daitekeen garai batean, profesionaltasunaren balioa nabarmendu du diseinatzaileak. "Gaur egun edozeinek egin dezake diseinu bat, baina produktu on batek kalitatearen zein eraginkortasunaren ikuspunturik zentzu eta jarraipen bat izan behar du, korporatiboki osotasun koherente bat lortu aldera". Modu horretan, argi dauka emaitzak guztiz desberdinak izango direla.