Aguraingo kiroldegia eraberritzeko lanak hasi dituzte

Erredakzioa 2024ko ira. 9a, 17:48

Urtebete iraungo dute kiroldegiko lanek. Argazkia: Aguraingo Udala

Lehenengo fasean, igerileku estalien leihateak itxiko dituzte, eta horrek hiru astez ixtea eragingo du.

Urtebete iraungo dute Aguraingo kiroldegia eraberritzeko lanek, eta tarte horretan hainbat espazio itxi edo egokitu beharko dituzte. 6,5 euroko inbertsioarekin, frontoia handituko dute, eta azpiegitura berri bat izango du kiroldegiak; kirol anitzeko pista bat, aldagelak, harmailak, rokodromo bat eta biltegiak hartuko ditu honek.

Horrez gain, udaletik azaldu dutenez, igerileku estalien eraikinean geruza berri bat jarriko dute eraginkortasun energetikoa hobetzeko. Lanak hainbat fasetan egingo dituzte, eta lehen hiru aste hauetan azpiegitura berriekin muga egiten duten igerileku estalietako leihateak itxiko dituzte. Zeregin horiek direla-eta, igerilekuak itxi egin behar dituzte hiru astez. Bien bitartean, kirol-eremuaren barruko azpiegitura batzuk desmuntatzen hasi dira, aurten beste espazio batzuetan berrerabiliko direlako. Hala, eskola kirola Aguraingo hainbat azpiegituratan egingo da, eta federatua Donemiliaga, Asparrenara eta Olaztira joango da.

Era berean, Aguraingo Udala Eusko Jaurlaritzaren txostenaren zain dago, egungo kiroldegiko instalazioetan amiantoa kentzeko lanak egin ahal izateko. Lan horiek egiten diren bitartean, itxi egingo da eskolatik kirol-eremura doan oinezkoentzako pasabidea, herritarren segurtasuna bermatzeko. "Lanak bizkortzeko eta eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen ahalegintzeko lan egiten dugu, baina kirol eremu berriak aurten izango ditugun eragozpenak konpentsatuko dituelakoan gaude", esan du Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago