Dulantziko bi emakume eta baten semea jasaten ari diren eraso jarraituak salatu ditu udalak

Erredakzioa 2024ko ira. 6a, 14:35

Gaur, arratsaldeko 19:00etan, kontzentrazioa egingo dute Dulantzin.

Biktimek indarkeria egoerarekin amaitzea erabaki dute, eta babesteko neurri judizialak martxan daude. Gaur, irailaren 6an, kontzentrazioa deitu du mugimendu feministak, 19:00etan, Martxoak 8 plazan.

Dulantziko bi emakume eta baten semea bikotekide ohien aldetik jasaten ari diren indarkeria matxista jarraitua arbuiatu du Dulantziko udalbatzak. Udalak herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko; eta inoiz baino gehiago erne jarraitzeko "biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten". Hartara, Dulantziko Udalak dei egin die udalerriko herritar guztiei mugimendu feministak gaur egingo duen elkarretaratzean parte hartzera, "indarkeria matxista gaitzesteko eta une latz hauetan genero indarkeriaren biktima diren emakumeei, haurrei eta oro har, adingabeei babesa emateko". 19:00etan egingo dute kontzentrazioa, Martxoak 8 plazan.

Udalak ohar batean azaldu duenez, herriko emakume batek eta bere seme adingabeak heriotza mehatxuak, jazarpen errepikatuak, kontrol hertsagarriak, eta behin eta berriz errepikatu diren tratu txar psikologikoak jasan dituzte modu jarraituan. Bigarren emakume bat ere indarkeria fisiko eta psikologikoaren biktima izan da, bereziki mehatxuen eta kontrol hertsatzaileen biktima. Udalaren arabera, indarkeria egoera horrekin amaitzea erabaki dute biktimek; eta bi kasuetan neurri judizialak eta biktimak babesteko neurriak jarri dira.

"Gure udalerrian gertatutako indarkeria matxistarekin zerikusia duen azken kasu honen aurrean Dulantziko udalbatzak gaitzespen eta arbuio irmoenak erakutsi nahi ditu", azaldu du udalak. Era berean. gogorarazi  die biktimei ez daudela bakarrik eta bere elkartasuna adierazi die haiei eta haien familiei. Biktimek erakutsitako ausardia ere nabarmendu du Dulantziko Udalak, eta haien jarrera txalotu dute "aspalditik bizi zuten indarkeria zirkulua apurtzeko urrats hori emateagatik".

"Berdintasun eza"

"Dulantziko udalak argi utzi nahi du gizon eta emakumeen berdintasunik eza dagoela halako erasoen oinarri-oinarrian, baita emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrerak eta ideia  matxistak ere. Horregatik, beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra; emakumeen duintasuna, integritate fisikoa, sexuala eta psikologikoa eskubide urra ezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat gaitzesgarriak dira, eta ez dute lekurik gure gizartean", azpimarratu du udalak.

Era berean, indarkeria matxistaren aurkako  lanak eta borrokak erakundeen eta gizarte osoaren inplikazioa izan behar duela adierazi du udalbatzak, "emakumeen aurka sistematikoki eragiten  den indarkeria errotik desagerrarazteko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago